Hasi da haurren Uda Aisia Itziarren

2020ko uztailaren 10aHasi da haurren Uda Aisia Itziarren

Astelehen honetan hasi da haurren Uda Aisiaren lehen txanda Itziarren. Herriko eta inguruko 4 urtetik 12ra bitarteko umeen udako aisialdi eskaintza da honakoa. Uztailaren 16an hartuko dio erreleboa bigarren txandak eta uztailaren 30 arte edukiko dute goizetako entretenimendua gaztetxoek.

Ekimen hau Itziarko Auzo Udalak antolatu du herriko Burugorri Martxan kultur taldearekin elkarlanean. Epe laburrean antolatu bada ere, herriko familien aldetik erantzun oparoa jaso du: 38 parte hartzaile izango dira lehen txandan eta 17 bigarrenean. Bi talde hauek lau begirale eta hiru praktikagileren zaintzapean egongo dira eta dibertimendua eta inguruaren ezagutza uztartzen dituen programaz gozatuko dute bi astez.

Eredu berria babes neurriak bermatzeko

Uda Aisia osasun-prebentziorako neurri zurrunetara egokitu beharretik sortutako gaztetxoen udaldiko programa da. Eskuen higienea mantentzeaz gain, 9 laguneko taldetxotan ibiliko dira haurrak begirale bat kargu dutela. Gainera, eremu itxiak ekidin egingo dira. Gehigarri modura, Foru Aldundiak bidali dituen 80 musuko berrarabilgarri, eskua garbitzeko gelak, desinfektatzeko produktuak eta termometroak erabiliko dira.

Aurten errespetatu behar diren neurri hauek abagune bilakatu dira izaera ibiltaria emateko aisialdi honi. Begiraleak antolatutako egitarauan auzo ezberdinetan aurreikusi dira ekintzak eta Itzairko gune ezberdinak jolastuz ezagutzeko baliatuko da.

Nerabeen kanpaldi ibiltaria ate joka

Nerabeen txanda hilaren 20tik 24ra izango da. Kasu honetan, kanpaldi ibiltaria izango da Itziarko eremuan zehar: batetik besterako txangoak egingo dituzte egunean zehar eta gauak kanpatuta pasako dituzte Elorriagan, Urritzuko txabolan, Endoian eta Lasturren. 12 urtetik 16ra bitarteko 14 nerabe izango dira parte hartzaileak.

Abagune hau aprobetxatu nahi da nerabeek Itziarko ingurua hobeto ezagutzeko: Arronamendiko harrobia eta bertako langile destajisten istorioak, auzolana antolatzeko modua Endoian, kostaldeko geologia eta landaredia... Horretan laguntzeko, herriko eta kanpoko adituak bertaratuko zaizkie, inguru bakoitzari buruz azalpen gehiago emateko. Gauak berriz, jaima eramangarri baten babesean igaroko dituzte.

Aipatu azkenik, Auzo Udalarekin duen hitzarmenaren baitan, Debako Gurutze Gorriak kanpamentu ibiltari honi estaldura eskainiko diola, parte hartzaileak momentu oro artatuta egon daitezen.