HAZILAN+ kualifikazioa duten langabetuak laneratzeko programaren izen-ematea zabaldu da

2025ko apirilaren 15aHAZILAN+ kualifikazioa duten langabetuak laneratzeko programaren izen-ematea zabaldu da

Programaren helburua da kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko.

Debabarreneko Udalek eta Debegesa, Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin elkarlanean, HAZILAN+ programa aurkeztu dute, kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten Debabarrena eskualdeko langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Helburu hori lortzeko, programak hainbat orientazio-ekintza jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: zeharkako gaitasunetan trebatzea, ezagutzen eguneraketa, enpresako praktikak, etab.

Egitasmoa, aldez aurretik esperientziarik ez duten gazteei eta egoera desberdinengatik langabezian dauden pertsona helduei zuzenduta dago. HAZILAN+ek lehentasuna emango dio etxeko eta zaintza-lanetan aritu izan diren emakumeen lan-merkaturatzera; izan ere, datuek erakusten dute emakume horiek direla zailtasun handienak dituztenak. Parte hartu nahi dutenek langabezian egon behar dute, eta erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua izan behar dute.

Programak, halaber, parte-hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharrekin gurutzatu nahi ditu, bi aldeen interesei erantzuteko eta gizarte- eta enpresa-sare indartu, dinamiko eta lehiakorra sustatzeko. Alde horretatik, garapen-agentziak funtsezko eragileak izango dira proiektuaren garapenean, 8.000 enpresa-sarea baitute.

Bi ibilbide

HAZILAN+ programan parte hartzen duten pertsonek beren beharren arabera bi ibilbide garatzeko aukera izango dute: Osatu edo Lorpen. Osatu ibilbidearen bidez, parte-hartzaileek lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte talde tailerren bidez. Prestakuntza fase hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da. Ibilbide hori enpresa-praktikekin osatzen da, parte-hartzaileek benetako lan-esperientzia izan dezaten.

Lorpen, bestalde, banakako ibilbide bat da, enplegu bat lortzeko beharrezko trebetasunak lortuta dituzten pertsonak edo Euskaditik kanpo dauden eta itzultzeko asmoa duten pertsonak zuzenean laneratzera bideratua. Ibilbide honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Hiru dira parte hartzaileek bete behar dituzten baldintza nagusiak: langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua edukitzea eta Debabarrena eskualdeko herriren batean erroldatua egotea.

Debegesa izango da programaren kudeatzailea eta hortaz, ibilbideen informazioa eta izena emateko formularioa bere webgunean daude eskuragarri: www.debegesa.eus