Herriko hondartzetako zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko erabiltzaileen iritziak bildu nahi ditu Debako Udalak
2024ko irailaren 20aISO 14001 ingurumen-ziurtagiriarekin berritzearekin batera, erabiltzaileen iritziak batu nahi ditu Udalak, hondartzen etengabeko hobekuntza bultzatzeko.
Hondartza denboraldia amaitu berri den honetan, Debako Udalak herriko hondartzetako erabiltzaile guztiei zuzendutako galdetegia prestatu du, bertako zerbitzuen, instalazioen egoeraren eta oro har, hondartza-esperientziaren inguruko iritzia jasotzeko asmoz. Ekimen hau udalerriko erakargarri turistiko eta natural nagusietakoa denaren kalitatea eta kudeaketa hobetzen jarraitzeko Udalak duen konpromisoaren parte da.
Galdetegiaren bitartez, hondartzari loturiko hainbat alderdien inguruko iritzia jaso nahi du Udalak, hala nola, azpiegituren egoera eta kokapena, toldoen zerbitzua, dutxak eta salbamendua... Bildutako informazioaren bitartez, hobetu beharreko arloak identifikatu nahi ditu, baita zerbitzuak herritarren eta bisitarien beharretara egokitzen jarraitu ere.
Izan ere, Debako Udalak ISO 14001 ingurumen ziurtagiria berritu du orain gutxi eta beste urte batez eta ekintza hau, ziurtagiriaren berrikuntzarekin batera, udalerriko hondartzen etengabeko hobekuntza-prozesuaren barruan kokatzen da. ISO 14001 ingurumen ziurtagiriak hondartzekin lotutako jarduerek eta zerbitzuek ingurumen-araudiak betetzen dituztela bermatzen du, natura-ingurunearen babesa eta baliabideak (ura, energia eta hondakinak) modu eraginkorragoan erabiltzea sustatuz.
Hala, Udalak Debako hondartzez gozatu duten pertsona guztiak animatzen ditu galdetegia betetzera eta instalazioak eta zerbitzuak hobetzen aktiboki laguntzera, hondartzek guztiontzako espazio jasangarria eta kalitatezkoa izaten jarrai dezan.