Herritarrei elkar zaintzeko neurriak hartzeko deia egin die Debako udalak

2020ko urriaren 21aHerritarrei elkar zaintzeko neurriak hartzeko deia egin die Debako udalak

COVID-19aren intzidentziari lotutako Debako azken datuen aurrean, eta ikusirik Europa mailako joera zein den, alegia, datozen asteotan intzidentzia mailak gora egingo duela, Debako udalak gaitzaren hedapena murrizteko hartu beharreko neurriak gogorarazi nahi dizkie herritarrei. Higiene neurriak zaintzea eta bizitza soziala talde txikietara murrizteko ahalegina egitea eskatu nahi die udalak herritarrei, osasungintza arloko aditu eta agintariei gomendatzen duten moduan.

Azken asteotan osasun agintariek ezarri duten semaforoari erreparatuta, asteburuan sartu da Debako udalerria gune gorrian. Gora egin dute positibo kopuruek azken asteotan. Osakidetzak egoera epidemiologikoaren inguruan emandako azken datuen arabera (urriaren 19an baieztatutakoak), Debako herritarren arteko kutsatze mailaren portzentajea 100.000 pertsonako 624koa da (500 behar dira gune gorrian sartzeko).

Momentuz, ez da aparteko neurri berezirik hartuko. Osasun Sailak ematen dituen irizpideen arabera eta udalaz gaindiko administrazioek ezartzen dituzten neurrien arabera Debako udalak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, bere helburua baita Debako herritarren osasuna zaintzea. 

Maskara jarri, eskuak maiz garbitu, pertsonen arteko tartea zaindu, jende pilaketak ekidin eta harreman sozialak talde txikietan egin. Horiek egitea eskatu nahi die Debako udalak herritarrei. “Norbere burua zainduz ingurukoak zainduko ditugu. Orain arte bezala, herritarrei elkartasunez eta elkar zainduz joka dezaten eskatu nahi diet. Pertsona guztiak, baina bereziki egoera zaurgarrian egon daitezkeen pertsonak zaindu behar ditugu pandemia honetan”, Gilen Garcia Boyra alkatearen ustez.