Hilerri berriaren lanen gelditzearen inguruko urgentziazko plenoa deitu du udalak astelehenerako

2019ko azaroaren 15aHilerri berriaren lanen gelditzearen inguruko urgentziazko plenoa deitu du udalak astelehenerako

Ingurumen Fiskaltzak Debako udaleko zortzi langileren kontra jarritako salaketak hilerri berriaren lanen inguruan eragindako egoera aztertzeko urgentziazko plenoa deitu du udal gobernuak.

Jakina denez, Eibarko Epaitegian jarritako salaketa horrek juridikoki zalantzak sortu ditu lanen legezkotasunaren inguruan obrak hasteko Uraren baimenik ez dagoelako, eta ondorioz udalak behin behinean obrak gelditzea erabaki du gauzak legearen barruan egin nahi dituelako, udal gobernuak gauzak beti ondo egiteko asmoa duelako.

Erabaki hau hartu eta gero, eta egoera bideratu nahian, Udalak Ura Agentziaren baitan egindako gestioen ostean, eta ez lehenago, Ura Agentziak txosten bat bidali dio udalari hainbat eskakizun egiten obrari aldeko txostena eman ahal izateko. Une honetan zeregin honetan ari da udala, obrak legeztatuak daudenean lehenbailehen hasteko asmoa duelako, udal gobernua hilerri berriaren proiektuaren alde dagoelako.

Bide batez, zazpi langileren kontrako salaketaren berri izan duenetik udal gobernua pertsona horiei babes juridikoa nola eman aztertzen aritu da eta EUDELekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zerbitzu juridikoekin kontrastatu eta gero, dagokien babes juridikoa eskainiko diela erabaki du udal gobernuak.

Hau guztia dela eta, eta obrak behin behinean geldirik daudenez, udal gobernuak urgentziazko plenoa deitu du udal gobernuak hartutako erabakia alderdi guztien artean berresteko, edota erabaki berririk hartzea erabakiko balitz, erabaki berria plenoan hartzeko.