Hilerri berriko obrak behin behinean gelditzeko agindua eman du Debako udalak

2019ko azaroaren 12aHilerri berriko obrak behin behinean gelditzeko agindua eman du Debako udalak

“Zuhurtziaz jokatu nahi dugulako Artzabaleko hilerri berriko obrak behin behinean gelditzeko agindua eman nuen atzo”, esan du Gilen Garcia Debako alkateak gaur egin duen agerraldian. Itziar Irizar alkateordearekin egin du agerraldia, Ingurumen Fiskaltzak hilerri berriaren obren inguruan egindako salaketaren berri emateko.

Hilerriaz

Itziar Irizarrek eman du proiektuaren aurrekarien inguruko azalpena. Aspalditik dator, 25 urte ingurutik, Deban hilerri berria egiteko beharra. Aurreko legegintzaldi amaieran hasi zituzten obrak, 2019ko ekaina hasieran hain zuzen (2018ko abenduan onartu zen proiektua, eta 2019ko apirila bukaeran esleipena).

Ez da proiektu honen aurka egon den salaketa bakarra. Aurretik izan dira Mutrikuko Natur taldearen eta Debako bizilagun baten salaketa, ustez Ingurumenaren kontra egiten duelako.

Ondoren etorri da Ingurumen Fiskaltzaren ikerketa.

“Udal honen idazkaritzaren kolaborazioarekin, Ingurumen Fiskaltzan galdetu genuen ea obra gelditu behar genuen eta erantzuna ezezkoa izan zen”, esan du alkateordeak. Baina, orain, egoera aldatu egin da: Ingurumen Fiskaltzak 7 pertsona salatu ditu Eibarko auzitegian ingurumenaren kontrako delitua (Kode Penalaren 329 artikulua) egin dutelakoan. 

“Ustezko delitua larria da, ondorio penalak ekar ditzake. Eta salaketa honek obraren beraren legezkotasuna zalantzan jarri du. Beraz, idazkariari eskatutako txostena aztertuta eta gure zerbitzu juridikoekin kontrastea egin eta gero, udal gobernu hau obrak behin behinean gelditzera behartuta dago, debarren interesak kalte handiagoak paira ez ditzaten. Modu ordenatuan egingo dugu, hortaz, prozesua, udal zerbitzu eta enpresarekin koordinatuta”, Gilen Garciaren esanetan.

Eta gogoratu du, “lehendik ere esana dugu udal gobernu honek gobernu ardura hartu zuenean topatu zuen egoera uste baino okerragoa zela.

Esan du, halaber, espediente batzuk akatsak dituztela ikusten ari direla, baina hilerrikoa oso akats larriz beteta dagoela konprobatu dutela orain, eta hori ezin dutela horrela utzi. “Udal gobernu honek gauzak ondo egin nahi ditu, eta egingo ditu. Ez dugu korrika eta presaka aritu nahi legezko diren baimenik gabe”.

Aurrerantzean ere nola lan egin nahi duten azaldu du. Udal gobernu hau arduratsua dela esan du, herritarren konfiantza eskuratu duela eta Deba berri baten oinarriak jartzeko ahalegin sendoa egingo dutela.

Etorkizuna landuko dugu, bai, baina oraina ahaztu gabe, egunero-egunero lanean nekaezin jarraituko dugu, debarren bizi-kalitatean eta ongizatean sakontzea erronka handia delako eta horri erantzuteko udal gobernu prestua eta prestatua dugulako”, alkatearen esanetan.

Amaitzeko adierazi du, aurreko legealditik datozen proiektuak zuzenduko dituela zuzendu daitezkeen neurrian, eta berriei helduko dietela. Gogorarazi du, halaber, gobernu plana aurkeztuko dutela hilaren 21ean. “Plan honek Debaren aldaketaren hasiera ekarriko du. Deba garbiagoa, euskaldunagoa, feministagoa batean biziko gara, elkartasunean oinarrituta dagoena, anitza, eraginkorragoa, hitz batean, Deba hobeago batean biziko gara Gobernu Plan honekin”, amaitu du Gilen Garciak.