Hondartzen erabilera nolakoa izango den aztertzen ari da udala herriko eragileekin

2020/05/22
COVID-19ak eragindako alarma egoeraren deseskalada fase desberdinetan ematen ari da Hego Euskal Herrian. Eta fase bakoitzean, besteak beste, erabilera publikoko espazioen erabilera arautzen ari da. Uda atarian gaudela, hondartzan nola egon ahal izango garen jakitea bada debarron buruan dagoen gaietako bat. Gaur gaurkoz, eta besterik jakinarazi ezean, Debako udalerriko hondartzak zabalik daude kirola egiteko eta paseatzeko, ez, ordea, bertan etzanda egoteko.

Hondartzen udako irekiera noiz eta nola egingo den aztertzen ari da Debako udala hondartza duten Gipuzkoako beste herrietako ordezkariekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan biltzen den hondartzen mahaian, batetik, eta bestetik, herriko eragileekin ere lehen bilera bat egin du (maiatzaren 21ean) gaia aztertzeko. 

Maiatzaren 14an Gipuzkoako hondartzen mahaiak bilera egin zuen. Hurrengo bilera maiatzaren 25ean egingo da. Gilen Garcia alkateak parte hartzen du bertan Debako ordezkari. Hondartzen irekiera uztailaren 1ean izango dela egin da publiko, Debako alkatearen eta beste hainbat herrietako alkateen ustez, ordea, “zaila da pentsatzea alarma egoeran egotea ekainaren 30a bitarte eta uztailaren 1ean hondartzara joan ahal izatea aurreko urteetako baldintza berdinetan. Gure ustez, herritarren osasuna eta segurtasuna aisialdiaren aurretik daude”. 

Datarena ez da argitzeke dagoen gai bakarra. Espazio hauen erabileraren nolakotasuna ere aztertu eta erabaki beharko da. Jendearen arteko espazioak mantentzeko, garbitasun eta desinfekzio gehitua bermatzeko inbertsio handia egin beharko litzateke, “Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen den ekarpen ekonomikoa murriztuta, eta osasun alarmak sortu dituen behar ekonomiko berriak aintzat hartuta, bideragarritasun ekonomikoa ere kontuan izan beharko dugu edozein planteamendu egiterako orduan”, alkatearen esanetan. 

Herriko hainbat eragilerekin ere gaiaz hitz egiten hasi da Debako udal gobernua. Atzo bertan, bilera egin zen gaiaz hitz egiteko. Zubi eta Mogel guraso elkarteetako ordezkariak, merkatari eta ostalarien ordezkariak, Gurutze Gorria, Yako, Zurrunbilo, Debakayak, Xtremeko ordezkariak eta osasun zentroko arduraduna,batzartu ziren udal ordezkariekin. Bertan, hondartzen antolaketa aztertu zien. Jende pilaketak ekidin eta osasun segurtasuna bermatzeko asmoz, datozen asteetan irizpide eta neurriak zehaztuko dira.

Argazkia: Ander Salegi