Hutsik gelditu da aurtengo Tene Mujika beka

2026ko urtarrilaren 13aHutsik gelditu da aurtengo Tene Mujika beka

2026 urteko Tene Mujika beka eman gabe uztea erabaki du lehiaketako epaimahaiak. Zazpi proiektu aurkeztu ziren guztira, eta denak ziren printzipioz interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere: baten bat ez zen egokitzen bekaren helburuetara, beste baten hizkuntza-maila ez zen egokia, besteren batzuk ez zeuden behar bezain garatuak...

Horrenbestez, bekaren historiari eta prestigioari eusteko, aurtengo deialdia hutsik uztea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako lanak saritzea du helburutzat. Beka honi esker argitaratutako azken lanak honako hauek izan dira: Jon Artanoren "Juana", Alaitz Melgarren "Josefa, neskame" eta Mikel Sotoren "Mirande, herriminez, ezin-minez". Iaz, Iñaki Sagarnak eta Lander Aranberrik eraman zuten saria, Euskal Herriak Israelekiko izan duen jarreraren bilakaera aztertzeko, eta lan hori amaitzen ari dira egileak.