Ikusezina agerian jartzeko helburuarekin idatzi du Jon Abrilek 'Isilpeko eskuak' liburua

2022ko irailaren 16aIkusezina agerian jartzeko helburuarekin idatzi du Jon Abrilek 'Isilpeko eskuak' liburua

2021. urteko Tene Mujika bekaren irabazleetako bat da Jon Abril. Debako Udalak Elkar argitaletxearekin elkarlanean ematen duen bekaren bitartez 'Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian' liburua idatzi du Abrilek. Liburuaren lehen aurkezpena Debako Agirre jauregian egin du, irailaren 15ean.

Memoria ariketa bat izan dela esan zuen idazleak. “Frankismoak eta Elizak emakumeengan jarri zuen errepresioa erakusketa izan da helburua” idazlearen esanetan. Horretarako, Euskal Herriko 11 lanbidetan aritutako hamalau emakume elkarrizketatu ditu Abrilek, eta haien bizipenak kontatu ditu. Gerra garaitik 1980ko hamarkadara bitarte laneratu ziren emakumeak dira.

Euskal Herri osoko emakumeak elkarrizketatzen ahalegindu dela nabarmendu zuen Abrilek, geografiaren arabera lanbideak aldatu egiten baitira. Hala ere, adierazi zuen ezin izan zuela elkarrizketatu Bizkaiko ezkerraldean meatzari lanetan aritutako emakumerik.

2016an 'Neskatoak' dokumentala egin zuen Abrilek, eta hori du neurri batean oinarri liburuak. Idatzizkoan erosoago ikusten du bere burua Abrilek, eta horregatik hasi zen libururako proiektua lantzen. Tene Mujika bekaren berri izateak lagundu zion proiektua gorpuzten, aurkezpenean esan zuenez. 

Liburuko protagonistetako batzuk proiekzio publikoa izan dutenak direla ere aipatu zuen, esaterako, lehen kapituluan jasotzen den kasukoa, Libe Goñi Seaskako lehen irakaslea. Ume zela Otsagabian (Nafarroa) behizain hasi zen Milagros Landaren kasua ere aipatu zuen. 

Aritz Larrañaga Kultura zinegotziak Tene Mujika bekaren bitartez argitaratu diren liburuan maila ona aipatu zuen, eta Abrilen lanaz esan zuen maila horretan kokatzen dela. 

Aurkezpena berezia zela esan zuen Larrañagak, izan ere, “Tene Mujikaren lana argitan jartzeko, iaz abiatutako bidearen amaiera baita neurri batean. Irailaren 16 batean hil zen Mujika, orain dela 41 urte. Bere heriotzaren 40. urteurrenean Debako Udalean erabaki genuen orain artean egindako lana indartu egin behar genuela, eta ahalegin berezia egin behar genuela Tene Mujikaren pertsona eta lana ezagutarazten”.

Tene Mujika saria lehenengo, eta beka ondoren, irabazi duten liburuen azalekin ondutako erakusketa izan zen abiapuntua. Ondoren etorri dira beste hainbat ekimen, mahai-inguru, hitzaldi, ilustrazio lehiaketa eta beste.