Iñaki Rementeriaren fosil-bildumaren lagin txiki bat ikusgai turismo bulegoan
2026ko uztailaren 15aFlyscheko labarretan fosilak biltzen eta sailkatzen 30 urte baino gehiagoko lan xehea egin ondoren, 2026ko maiatzaren 13an, Euskal Kostaldeko Geoparkeari utzi zion bilduma. Bere eskuzabaltasunari egiten zaion errekonozimendu txiki bat da turismo bulegoan jarri berri den erakusketa hau. Hemen ikus ditzakezun fosilak Iñaki Rementeriaren bildumaren lagin txiki bat baino ez dira. Gertutik ikusi ahal izango dituzu: ammoniteak, belemniteak, bibalbioak, inozeramido handiak, ekinidoak, brakiopodoak eta arrasto fosil misteriotsuak...
Fosilak funtsezkoak dira Lurreko bizitzaren historia ulertzeko. UNESCOren geoparkeak ondare geologikoa hobeto ezagutzeko, babesteko eta zabaltzeko egiten dute lan. Geoparkeko flyscha antzinako itsas hondo sakonen metaketa izugarri handia da.
Geruza horiek itsas sedimentuz osatuta daude; Lurraren historiaren 50 milioi urte biltzen dituen liburu handi baten orrialdeak bezalakoak dira. Bertan azaltzen diren fosilei esker, Iberiar penintsula eta Europako plaka banatzen zituen itsaso sakon hartako bizi-baldintzak nolakoak ziren ondoriozta dezakegu.
Era berean, Geoparkea Iñaki Rementeriaren bilduma osoa aztertzen hasi da Mikel López-Horgue paleontologoaren laguntzarekin.