Ingurune naturala ezagutzeko eta babesteko antolatutako jarduerak, Hezeguneen Munduko egunaren harira

2025ko urtarrilaren 23aIngurune naturala ezagutzeko eta babesteko antolatutako jarduerak, Hezeguneen Munduko egunaren harira

Otsailaren 2an, Debako padurak ezagutzera eman, balioan jarri eta babesteko bi jarduera antolatu dira: ‘1m² hezeguneen alde’ hondakinen bilketa eta ‘Paduraz padura’ ginkana hezitzailea nabarmentzen dira. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, urtarrilaren 30a bitarte, debanatura@hotmail.com helbidera idatziz.

Datorren otsailaren 2an, Debak bat egingo du Hezeguneen Munduko Egunaren ospakizunarekin, biodibertsitatearentzat eta iraunkortasunarentzat funtsezkoak diren ekosistemak ezagutzera emateko eta balioesteko. Euskal Kostaldeko Geoparkearen baitan, Debako hezeguneek, alegia, Debako padurek, berezitasun handia dute, eta herritarrak horien inguruan sentsibilizatzeko eta padurak ezagutzera eman, balioan jarri eta babesteko jarduerak antolatu dira. 

Debanatura elkarteak, Debako Udalarekin eta Euskal Kostaldeko Geoparkearekin lankidetzan antolatuta, eta Ecoembes eta SEO BirdLife erakundeek sustatutako Libera Geoparkea proiektuaren baitan, zehazki bi ekintza eramango dira aurrera egun horretan Deban, hain zuzen, hezeguneak herritarrei hurbiltzeko eta horien kontserbazioa indartzeko. Jarduerek naturan utzitako hondakinek sortzen duten inpaktua ezagutaraztea eta inguruneak hobetzea dute helburu, boluntarioen ekintzen bidez.

Antolatutako jarduerak

Otsailaren 2rako antolatutako lehen jarduera “1m² hezeguneen alde” ekintza da eta Casacampo inguruan hondakinak biltzea eta horiek karakterizatzea du xede. Ekintza honetan, bildutako hondakinak aztertu eta sailkatuko dira, haien jatorria eta ingurunean sortzen duten inpaktua hobeto ulertzeko. Jarduera herritar orori  zuzenduta dago eta 10:00etatik 11:30era egingo da, Casacampoko begiratokitik abiatuta.

Bigarren jarduera, “Paduraz padura”, Debako hezeguneak ezagutzeko bisita berezi bat da, ginkana moduan antolatuta. Hala, pisten eta jokoen bidez, parte-hartzaileek hezeguneetako espezieak ezagutzeko aukera izango dute. Jarduera hau 4 urtetik gorako haurrei eta helduei zuzenduta dago, Artzabalen egingo da, 11:30etik 13:00etara eta begiratoki zentralean izango du abiapuntua. 

Izen-ematea eta gomendioak

Jarduera hauetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, debanatura@hotmail.com helbidera idatzi behar da, eta izena emateko azken eguna urtarrilaren 30a izango da, plazak mugatuak baitira.

Parte-hartzaileei ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen zaie, baita oinetako erosoak edo gomazko botak eta arropa egokia janztea ere. Eskularruak eta poltsak antolatzaileek emango dituzte bertan. Autoz joaten direnei, Artzabalgo aparkalekua erabiltzea gomendatzen zaie, irisgarritasuna errazteko.

Informazio gehiagorako idatzi debanatura@hotmail.com helbidera.