Iñigo Legorburu hernaniarrak eta Rafa Bravo debarrak irabazi dituzte aurtengo 'Deba 100 hitzetan' literatur lehiaketaren lehen sariak
2023ko apirilaren 24aCardenas Fundazioak eta Debako Udalak antolatzen duten 'Deba 100 hitzetan' literatur lehiaketaren VII. Edizioaren sariak banatu ziren ostiralean, apirilaren 21ean. Deba du gaia lehiaketak. Haren historiarekin, paisaiarekin edota, zuzenean edo zeharka, harekin lotuta dagoen edozerekin zerikusia izan behar dute aurkezten diren lanek.
Euskarazko modalitatean lehen (300 euro) eta bigarren saria (200 euro) Hernaniko Iñigo Legorburu Arregiri eman dizkio epai-mahaiak, 'Huts' eta 'Eskura' lanengatik, hurrenez hurren. Hirugarren saria (150 euro), berriz, saritu gabeko herriko lan onenagatik, Olatz Andonegui Rodriguezek jaso du, 'Gazi-Gozo' lanagatik.
Gaztelaniazko modalitatean lehen saria (300 euro), iaz bezala, Debako Rafa Bravo Arrizabalagak jaso du 'Adoquines Deba' lanagatik. Bigarren saria (200 euro) Miguel Anjel Gallok eskuratu du ' Deba Connection' lanarekin. Hirugarren saria (150 euro) Rafa Bravo Arrizabalagak irabazi du, saritu gabeko herriko lan onenagatik, 'Amor de ultratumba' lanagatik.
Euskaraz, 16 lan aurkeztu dira, horietatik 8 debarrak. Eta gazteleraz, ordea, 40 lan, horietatik 9 herrikoak.
Epai mahaikideak, euskarazko sailean, Mikel Aizpurua, Estibaliz Beltran de Heredia eta Iraia Agirrezabala izan dira; eta gaztelerakoan, berriz, Alex Turrillas, Patxi Aizpitarte eta Ainara Sedano.
Sari banaketan, Aritz Larrañaga zinegotziak azpimarratu zuen presaka bizi garen garai hauetan liburuen artean aritzea eta zaletasuna mantentzea kuriosoa dela. Atseden hartu ahal izatea literaturaz gozatzeko eta sortzeko gaitasuna dutenek horretan aritzeko prestutasuna izatea ere gauza ederra dela gehitu du.