Irailaren 26an hasiko dira Artzabalgo espaloia egiteko lanak

2022/09/22
Aspaldiko eskaerari erantzunez, Artzabal auzoko 1 eta 13 zenbakien artean (200m inguru) espaloi berria egingo da, gaur egun dagoen paseoa hilerri berriko ingurunearekin eta Errotazar futbol zelaiarekin lotzeko. Modu horretan, erraztu egingo da oinezkoek bidea erabiltzea, segurtasuna handituz.

Lanak hilabete eta erdian egitea aurreikusi da. Lanok diharduten bitartean, erreietako bat bakarrik egongo da erabilgarri, eta trafikoa semaforoekin ordenatuko da. Danobateko aparkalekurako sarrera-irteera libre utziko da, aparkalekua erabilgarri egongo baita, inguru horretako espaloia egiten den unean izan ezik, orduan itxi egingo baita (noiz izango den aurrez jakinaraziko du Udalak). Oinezkoentzat pasabidea ere bermatuko da.

Espaloia errepidearen kota berdinean egingo da, hau da, ez da koxkarik egongo, eta bien arteko banaketa egiteko baliza islagailuak (“reflektanteak”) jarriko dira. Espaloiaren zabalera erabilgarria aldakorra izango da, gutxienez 1,24m-koa izango delarik. Espaloiari lekua egiteko, errepideko erreiak estutuko dira, eta noranzko bakoitzean 3,00m-ko zabalera izango dute. Argiteria eta euri uren sarea guztiz berrituko dira.

Obra Asfaltados y Construcciones Morga S.L. Enpresari esleitu zitzaion. 185.239,20€ko (BEZ barne) aurrekontua du. Obra Debako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute, sinatu zuten hitzarmen baten bitartez. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidean egingo den lana finantzatuko du (haren eskumenekoa baita), gehienez ere 114.586,71 €rekin (BEZ barne). Espaloi berriari dagokion kopurua, Debako Udalak hartuko du bere gain.