Itoiz dokumentalaren emanaldi berezia jasoko du Debak, lan talde teknikoaren partaidetzarekin eta musikariz girotuta
2025ko uztailaren 17aEkitaldia uztailaren 20an izango da, igandea, 21:30ean, Santa Maria Elizako Klaustroan, eta dokumentaleko talde teknikoak eta musikari mutrikuarrek parte hartuko dute ekitaldia girotzeko. Debako Udalak diruz lagundu du Itoiz musika talde ikonikoaren ondareari buruzko dokumentalaren ekoizpena.
Datorren igandean, uztailak 20, iluntzeko 21:30ean Itoiz dokumentalaren emanaldi berezia hartuko du Debako Santa Maria Elizako Klaustroak. Lan honek euskal musikaren ikono izan zen musika talde ospetsuaren ibilbidea eta eragina errepasatzen du. Proiekzioan Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak osatutako zuzendaritza taldea eta Juan Carlos Perez aktorea izango dira, Itoizen abesti enblematikoenetako batzuk zuzenean joko dituzten mutrikuar bi musikarirekin batera.
Itoiz dokumentala musika-taldearen historiari buruzko begirada sakona da. Itoiz Euskadiko musikan eragin handiena izan duen taldeetako bat da, bereziki, 80 hamarkadan modu berritzailean egin zuen musika-genero desberdinen arteko fusioagatik. Hala, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako filmak musikazaleen belaunaldiak lotzen dituen narrazio hunkigarri eta oroitzapenez betea aurkezten du.
Proiektuak Debako Udalaren babesa izan du, eta lankidetza horrek udalerriak tokiko kultura sustatzeko eta eskualdeko musika eta gizarte ondarea aberasten duten proiektuei laguntzeko duen konpromisoa azpimarratzen du.
Debako alkate Alazne Txurrukaren hitzetan, "ohore handia da Itoiz dokumentalaren proiekzioa jasotzea Deban. Dokumental honek, gure historiaren parte izan den talde baten ondarea berreskuratzeaz gain, gure eskualdeko kultura-aberastasuna jartzen du balioan eta gure sustraiekin konektatzeko eta, aldi berean, etorkizunera bidea zabaltzeko aukera ematen diguten horrelako ekimenak babesten jarraitzearen garrantzia ere balioesten ditu".