Itsas hondakin bilketa egingo da Mutrikuko Saturraran hondartzan, etorkizun osasuntsuago baten alde

2023ko azaroaren 21aItsas hondakin bilketa egingo da Mutrikuko Saturraran hondartzan, etorkizun osasuntsuago baten alde

Bilketa azaroaren 26an egingo da, goizeko 11:00etan, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Debako Udalak ‘Etorkizun osasuntsu baten alde itsas hondakin bilketa’ iragarri du, ingurumenaren kontzientzia eta gure itsas ingurunearen babesa sustatzea helburu duen jarduera. Ekitaldia azaroaren 26an izango da, goizeko 11:00etan, Mutrikuko Saturraran hondartzan. Interesatuek aldez aurretik 619 81 42 25 telefonoan eman beharko dute izena edo info@mater.eus helbidera mezu bat bidaliz.

‘Etorkizun osasuntsu baten alde itsas hondakin bilketa’ Itsas Zaintza Sareak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egindako ekimena da. Itsas zaintza sarea Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortu da, itsas eragile ezberdinen ezagutza balioan jartzeko eta  itsasoaren zaintza aldarrikatu eta zabaltzeko.  Bertako kideek itsasertzaren behaketa aktibo batean parte hartzen dute, eta ezagutza hori protokolo zehatz bidez partekatzen dute. Era berean, tokiko ingurumen zaintzaren erreferente bihurtzen dira, sareak ingurumen praktika onak ezartzen eta hobetzen laguntzen dietelako. Horrez gain, inguruko komunitatean ingurumenaren inguruko zaintza kanpainak eta ekintza bateratuak egiten dituzte.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea azaroaren 18tik 26ra bitartean izango da, eta horren harira itsas hondakinak bilduko dira Gipuzkoako hainbat ibai-arrotan. Jarduera horiek inguruko itsas agenteekin elkarlanean egingo dira eta Saturrarango hondartzan izango dira azaroaren 26an.

Debako Udalak debar guztiei luzatu die gonbidapena, gure itsasoaren kontserbazioaren eta itsas kutsaduraren prebentzioaren aldeko jarduerarekin bat egin dezaten.