Itziarko Auzo Udalaren modifikazio espedientea bertan behera utzi du Debako udalbatzak

2022ko otsailaren 25aItziarko Auzo Udalaren modifikazio espedientea bertan behera utzi du Debako udalbatzak

Atzo, otsailak 24, batzartu zen Debako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Landutako gaien artean zegoen Itziarko Entitate Txikiaren aldaketaren espedientearekin aurrera jarraitzea edo bertan behera uztea. EH Bilduren eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta DAren kontrako botoekin bertan behera uztea erabaki zen. Horrela, duela 3 urteko gai hau itxi egin da, eta alderdi guztiak 2020an adostutako hitzarmenean sakontzeko konpromisoa adierazi dute. Beste gai batzuei lotuta, aho batez onartu ditu udalbatzak ordenantza fiskalen moldaketak eta martxoaren 8aren testuinguruen egindako adierazpen instituzionala.

 Debako Udalak 2014ko ekainaren 17an onartu zuen Itziarko Entitate Txikiaren eraketa, 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilaren 27ko 3/2015 Foru Dekretuaren bidez onartu eta eratuko zuena. Bertan zehazten dira Auzo Udalaren faseak, eskumenak, ondasunak, Gobernu taldeak.

2015-2019 legealdi amaieran Debarren Ahotsak eta EAJ-PNVk osatutako alkatetzak Auzo Udalaren modifikazioa proposatu zuten, Arriola eta Egia auzoak eta industria poligonoa Toki Entitate Txikiko eremutik kanpo uzteko asmoz. Proposamen honen hasierako onarpena 2018ko azaroan onartu zen, Debarren Ahotsaren (5 bozka) eta EAJ-PNVren (3 bozka) aldeko bozkekin eta EH Bilduren (5 bozka) aurkako bozkekin. 2019ko martxoan behin-betiko onarpena eman zitzaion aldaketa proposamenari, eta urte bereko apirilean galdeketa egin zitzaien Auzo Udala osatzen duten auzoetako herritarrei, %99,76ak modifikazioari uko eginez.

Debako Udaleko osoko bilkuraren onarpena Gipuzkoako Foru Aldundira bideratu zen, baina zenbait dokumentu errekeritu zituen Aldundiak, espedientea osatu gabe zegoelako. 2019-2023 legealdian zehar egiten ari den lanaren ondorioz eta pasa den otsailaren 10ean Itziarko Batzordean adostutakoaren arabera, azkenean modifikazio espedientea bertan behera geratu da otsaileko ohiko osoko bilkuran, EH Bilduren (6 bozka) eta EAJren (3 bozka) aldeko bozkekin eta Debarren Ahotsaren (4 bozka) aurkako bozkekin.

Beste gai batzuk ere landu zituen udalbatzak atzoko bilkuran. Esaterako, aho batez onartu zuen 2022ko ordenantza fiskalen moldaketa. 2022ko ordenantza fiskalak udazkenean onartu baziren ere, zuzenketa txiki batzuk egin dira. Batetik, urtarrilean aparkalekuen araudia eguneratu zenez, bertan zehaztutako aldaketak ordenantza fiskaletan ere egin behar izan dira. Bestetik, hilerri berrirako tasetan puntu bat gehitu da, ekitaldi aretoaren erabilerarena. Elkarte gastronomikoen zaborren zergan ere aldaketak egin dira, helburua bazkide kopuruaren araberako diru-kopuruak proportzionalki sailkatzea izanik. Eta, azkenik, feria eta herri jaietako postuen (puestos en ferias y festejos populares) epigrafean eskolak eta kirol materialen alokairuaren (escuelas y alquiler de material deportivo) okupazioa gehitu da. Aldaketa txiki hauekin zuzenduta eta eguneratuta geratu dira 2022ko ordenantza fiskalak.

Martxoaren 8aren testuinguruan adierazpen instituzionala ere adostu dute udalbatzako kideek aho batez.