Itziarko sarrerako obra-lanak uztailaren 13an hasiko dira

2020/07/03
Itziarra doan GI-3210 eta Itsaspera doan GI-3291 errepideen eta N-634 errepidearen arteko Itziarko gaineko bidegurutzean zuzeneko bide adarra duen biribilgunea egiteko obra-lanak uztailaren 13an hasiko dira. Lau hilabetez luzatuko dira lanak.

Obra-lanek irauten duten bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Debako udalari jakinarazi dionez, inguruko trafikoan eragina izango du obrak, unean uneko lanen arabera, baina trafikoa arautuko da eta beti galtzada horretako erreietako bat, behintzat, irekita mantenduko da. Lanak URBYCOLAN, SL enpresak egingo ditu.

2019ko irailaren 26ko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, aho batez, Itziarko N-634 bidegurutzean dagoen lurzorua Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea. Gaur egun, zama handiko ibilgailuek dituzten arazoak ekidingo dira honela eta errepidea moldatuz, Itziarko sarrera hobetuko da ibilgailu guztientzat.

 

 

 

Argazkia: Itziarko Auzo Udala