Kaleko Margo Sariketaren 50. edizioa ospatuko dugu irailaren 14an

2019ko irailaren 6aKaleko Margo Sariketaren 50. edizioa ospatuko dugu irailaren 14an

Haitz-haundi margo elkartearekin eta Cardenas Fundazioarekin elkarlanean, Debako Kale Margo Sariketaren beste edizio bat antolatu du Udalak irailaren 14rako. Bestalde, lehiaketaren 50. urteurrena ospatu nahian, aurreko urteetako lehiaketetan parte hartu duten margolanen erakusketa izango dugu udaletxeko pleno aretoan.

Irailaren 14an, 50. kale margo lehiaketa izango dugu Deban, eta Udalak argitaratu ditu dagoeneko sariketako oinarriak. Hitzorduak Debako udalerriaren esentzia euren lanetan jasoko duten 16 urtetik gorako margolariak bilduko ditu. Goizeko 09:00etan hasita, bi orduz Agirre Jauregian mihisei zigilua jartzeko aukera izango dute partehartzaileek, eta lanak eguerdiko 14:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte, leku berean. Hauek Debako inguruetako agiriko tokietan beteko dira, gaia eta teknika libreak izanik.

Urtero bezalaxe, Haitz-haundi margo elkartearen eta Cardenas Fundazioaren laguntza jaso du Udalak ekitaldia aurrera eramateko; eta aurten, sariketaren 50. urteurrena ospatu asmoz, sari potoloagoak izango ditugu. 

Epaimahaiaren erabakia arratsaldeko 6etan jakingo da, eta ondoren egingo da sari banaketa Agirre Jauregiko erakusketa aretoan. Aurten, guztira, 3.050€ banatuko dituzte (iaz baino 550€ gehiago) 8 saritan; horietatik lau Debako Udalak emango ditu, eta gainontzekoak, Cardenas fundazioak.

Sariketaren irabazleak 800 euroko saria jasoko du; bigarrenak 500€, eta hirugarrenak, 350€. Hiru sari hauei herriko saritu gabeko lehen klasifikatuaren 250 euroko saria gehitu behar zaie, udaletxeak banatuko dituenei dagokienez.

Cardenas fundazioak eskainitako sari berezien artean daude 350 euroko Maria Esperanza Chavarri akuarela saria eta 200 euroko Marques de Prado Ameno saria; azken hau 21 urtetik beherakoei zuzendua. Blanca Vilallonga sariak itsasoa gaitzat duen lanik onena sarituko du 350 eurorekin. Hori guztia gutxi balitz, laugarren klasifikatuak ere 250 euroko saria eramango du etxera.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira sariketa ondorengo astean zehar Agirre Jauregiko erakusketa aretoan.

Lehiaketarako oinarriak hemen deskarga ditzakezu.

Aurreko lehiaketetan parte hartu duten margolanen erakusketa

Bestalde, Debako Kale Margo Sariketaren 50. urteurrena ospatzeko, aurreko urteetako lehiaketetan parte hartu duten margolanen erakusketa prestatu du Udalak, Haitz-haundi elkarte artistikoaren laguntzarekin. Abuztuaren 30etik irailaren 15era bitartean, udaletxeko pleno aretoan egongo dira ikusgai aurreko edizioetan saritutako hainbat margolan. Erakusketaren ordutegia honakoa izango da: 

  • Asteartetik ostiralera: 18:30etik 20:30era.
  • Larunbat eta igandetan: 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.