Kezka agertu du Debako Udalak HABeko ibilbideko erakusmahaietan egindako ebasketagatik

2023ko maiatzaren 9aKezka agertu du Debako Udalak HABeko ibilbideko erakusmahaietan egindako ebasketagatik

HAB Historiaurreko Bailara proiektuaren ibilbidean, Sasiolako bide zaharrean dagoen animalien gunean leize-lehoi eta bisonte buruen garezurrak ebatsi dituzte bertako erakusmahaietatik. Debako udaltzaingoak ziurtatu ahal izan duenez, torlojuak askatuta hartu dituzte bi garezurrak.

Debako ondare arkeologikoa berreskuratzea eta herritarrentzat ikusgai jartzea du helburu aipatu proiektuak. Aire librean osatutako museoa dela esan daiteke. Erakusgai dauden baliabide guztiak, hortaz, aire librean daude. Hainbat administrazioren ekarpen ekonomikoarekin, tartean Debako Udalarenarekin, gauzatu ahal izan da, baliabide publikoekin, hortaz.

Debako Udalak kezka agertu nahi du gertakari honen aurrean. Ekintza honek sortu duen galera ekonomikoagatik (8.000 euro), batetik. Bestetik, horrelakoak errepikatuta, aurrera begira proiektuaren jatorrizko ezaugarriekin (animalien erreplikak ikusgai egotea, esaterako) mantentzea bermatu ahal izango den ere kezkatzen du Udala.