KZguneak Latzurregi kalean ireki ditu ateak, instalazio hobetuekin eta plaza gehiagorekin

2026ko urtarrilaren 12aKZguneak Latzurregi kalean ireki ditu ateak, instalazio hobetuekin eta plaza gehiagorekin

Udal-zerbitzua 5 plazatik 8ra zabaldu da, eta, horri esker pertsona gehiagok erabili ahal izango dute zerbitzua. Espazioan hainbat egokitzapen egin dira, hala nola altzari berriak jarri, pintaketa lanak egin edota argiztapena eta isolamendua hobetu.

Gaurtik aurrera, urtarrilak 12, Debako KZguneak kokapen berria izango du Latzurregi kalean. Astillero 4 kaleko espazioa atzean utziz, kokapen berriarekin espazio funtzionalagoa, irisgarriagoa eta zerbitzuaren egungo beharretara egokitua eskaini nahi du Udalak. 

Lekualdatze horri esker, ikaskuntza digitalerako ingurunearen kalitatea hobetzeaz gain, eskuragarri dagoen espazioa ere handitu da, 5 plazatik 8ra pasatuz, eta horrek pertsona gehiagok zerbitzua aldi berean erabiltzeko aukera emango du.

Era berean, kalitatezko zerbitzua bermatzeko, espazio berria erabat egokitu da egungo beharretara. Altzariak eta material informatikoa berritu dira, eta lokalean hobekuntzak egin dira, pintura-, argiztapen- edo isolamendu-lanekin, leihoak ordezkatzea barne.