Landa bideak hobetzeko Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dute Deba eta Itziarrek

2025ko ekainaren 23aLanda bideak hobetzeko Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dute Deba eta Itziarrek

Debaren kasuan, 29.794,70 euroko laguntza jaso du eta Itziarrek, aldiz, 35.000 eurokoa. Laguntza honekin helburua da udalerriko landa bideak hobetzeko esku-hartzeak egitea, landa eremuko bizilagunen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu zein bermatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoko landa bideak hobetzeko 2025eko laguntzen deialdia ebatzi du, eta onuradunen artean Deba eta Itziar daude.

Debako Udalak eta Itziarko auzo Udalak udalerriko landa-bideetan hobekuntzak egiteko Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dute. Lurralde Historikoko landa-bideak hobetzeko 2025. deialdiaren esparruan, Debak 29.794,70 euroko dirulaguntza jaso du, eta Itziarrek, aldiz, 35.000 eurokoa.

Dirulaguntza horri esker, landa-azpiegitura indartzeko eta joan-etorri seguru eta irisgarriak errazteko hobekuntzak egin ahal izango dira, bereziki nekazaritza- eta abeltzaintza-inguruneko biztanle zein langileen mesedetan. 

Debako alkate Alazne Txurrukak positibotzat jo du dirulaguntza hau jasotzea: "Laguntza hauek funtsezkoak dira gure landa-bideak mantentzeko eta hobetzeko, ezinbestekoak baitira hirigunetik urrunen dauden auzoetako eguneroko bizitzarako. Udalak konprometituta jarraitzen du gure landa-ingurunean bizi diren pertsona guztien ongizatearekin eta irisgarritasunarekin".

Finantzaketa horri esker, Debako Udalak landa-auzoetako bizi-kalitatea hobetuko duten jarduerak gauzatu ahal izango ditu, aldi berean lurralde-kohesioa sustatuz.