LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Debako Udalaren Adierazpen Instituzionala

2025ko ekainaren 28aLGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Debako Udalaren Adierazpen Instituzionala

Ekainak 28, Sexu Askapenaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna Aurten ere, ekainaren 28 honetan LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatu nahi ditu Debako Udalak.

Ekainaren 28a borroka eta aldarrikapen eguna da. Stonewalleko matxinadak abiapuntu izan ziren askatasun sexual eta genero askapenaren bidean, eta ordutik, mundu osoan zehar LGTBI kolektiboaren eskubideen aldarrikapenekin bat egiten duten hamaika mugimendu, kolektibo eta pertsonaren indar kolektiboak bideari jarraipena eman diote. Hainbat eta hainbat herrialdetan, eskubideak aitortzeko borrokak aurrera egin du, eta jendarte askeago eta berdinzaleago baten aldeko aldarriak gero eta indar handiagoa hartu du.

LGBTI+ pertsonen bizitzak bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren pertsona eta kolektibo guztiei esker azken urteetan urrats handiak eman dira gure jendartean. Ezin dugu ahaztu oraindik erronka ugariei aurre egin behar diegula. LGTBIfobiaren adierazpenak, gorroto diskurtsoak eta diskriminazioak modu askotan presente baitaude gure egunerokoan eta honi aurre egitea guztion erantzukizuna da.

Deba herri anitza da, eta aniztasun horrek egiten gaitu aberats. Herri aske eta berdinzale bat eraikitzeko bidean, ezinbestekoa da LGTBI+ pertsonen eskubideak erdigunean jartzea eta ulertzea herritar guztion ardura dela honen alde egitea.

Hau honela, Debako Udalak sexu askatasun eta eskubideen aldeko aldarria zabaldu nahi du eta diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko herri bat eraikitzen jarraitzeko konpromezua berretsi nahi du.