Ilustrazio eta ipuin lehiaketako eta 'Deba 100 hitzetan' literatura lehiaketako sari banaketa, Ruper Ordorikaren kontzertua, mikro irekia eta ipuin kontalariak Liburuaren eguneko ekimenak
2023ko apirilaren 25aApirilaren 23ko Liburuaren Egunaren testuinguruan askotariko ekimenak antolatu dituzte Debako hainbat eragilek eta Udalak: sari banaketak, Ruper Ordorikaren kontzertua, mikro irekia eta ipuin kontalariak, besteak beste.
Ostiralean, apirilak 21, abiatu ziren horiek. Goizean haurrei zuzendutako Debako III. Euskarazko ilustrazio eta ipuin lehiaketetan parte hartu duten haurrekin ekitaldia egin zen udaletxean, eta bertan banatu zitzaizkien aurtengo sariak. Luzaro Eskolak eta Udalak antolatutako ekimena da, eta HH5 eta LH6 mailetako ikasleei zuzenduta dago. Irabazleen zerrenda.
Arratsaldean bertan egin zen bigarren ekimena: Cardenas Fundazioak eta Debako Udalak antolatzen duten 'Deba 100 hitzetan' literatur lehiaketaren VII. Edizioaren sariak banatu ziren.
Euskarazko modalitatean lehen (300 euro) eta bigarren saria (200 euro) Hernaniko Iñigo Legorburu Arregiri eman dizkio epai-mahaiak, 'Huts' eta 'Eskura' lanengatik. Hirugarren saria (150 euro), berriz, saritu gabeko herriko lan onenagatik, Olatz Andonegui Rodriguezek jaso du, 'Gazi-Gozo' lanagatik.
Gaztelaniazko modalitatean lehen saria (300 euro), iaz bezala, Debako Rafa Bravo Arrizabalagak jaso du 'Adoquines Deba' lanagatik. Bigarren saria (200 euro) Miguel Anjel Gallok eskuratu du 'Deba Connection' lanarekin. Hirugarren saria (150 euro) Rafa Bravo Arrizabalagak irabazi du, saritu gabeko herriko lan onenagatik, 'Amor de ultratumba' lanagatik.
Sari banaketez gain, Ruper Ordorikaren kontzertu goxoak gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek. Kontzertuaren eta sarreren salmentaren arrakasta ikusita, bi kontzertu eskaini behar izan zituen oñatiarrak. Kultur elkartean izan ziren bi saioak.
Liburuaren egunaren inguruan antolatutako ekimen guztiak ez dira ospatu. Gaur, Irakurketa kluba izango da Udal liburutegian, Luisa Carnés-en 'Tea rooms' lana landuko dute, Ainhoa Aldazabalen eskutik.