Liburuaren eguna ospatuko du Debak apirilaren 23an

2024ko apirilaren 17aLiburuaren eguna ospatuko du Debak apirilaren 23an

Horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu Udalak herritar guztientzat: IV. Marrazketa eta Ilustrazio eta “Deba ehun hitzetan” lehiaketen sari banaketak, mikrofono irekiko saio bat, liburu azoka, “Mareak” ikuskizuna eta "Los reyes de la casa" lana ardatz duen Irakurketa Klubaren saio bat.

Datorren asteartean, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Debak bat egingo du ospakizunarekin. Udalak ekitaldi multzo bat diseinatu du adin guztietako herritarren artean irakurzaletasuna sustatu eta lantzeko, irakurketa kultura eta jakintza aberasteko ezinbesteko tresna dela aitortuz. 

Hori horrela, IV. Marrazketa eta Ilustrazio lehiaketaren sari banaketak emango dio hasiera antolatutako egitarauari, goizeko 11:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan. Ondoren, "Deba ehun hitzetan" literatur lehiaketaren sariak banatuko dira 19:00etan, Ispiluen Gelan. Programazioarekin jarraituz, apirilaren 27an, larunbata, 11:00etatik 14:00etara, mikrofono irekia, liburu azoka eta literatur bermuta izango dira Kultur Elkartean, irakurzaleentzako topagune ezinhobea eskainiz.

Igandean, hilak 28, 19:00etan, "Mareak" ikuskizuna eskainiko da, hori ere Ispiluen Gelan. Ekitaldi hau euskal kostaldeko emakumeak omentzen dituen fusio musikala da, Toti Martinez de Lezearen, Gorka Hermosaren eta Edurne Zabaloren partehartzearekin osatutakoa.

Azkenik, apirilaren 30ean, asteartea, Irakurketaren Klubaren saio bat egingo da, Delphine de Viganen "Los reyes de la casa" (Anagrama, 2022) obran oinarrituta. Saioa Ainhoa Aldazabalek dinamizatuko du. Topaketa 19:00etan hasiko da, eta eztabaida literarioarekin bat egiteko interesa duten guztiei irekita dago.

Debako Udalak garrantzitsutzat jotzen du herritarren artean irakurketa sustatzea, entretenimendu bat izateaz gain, irakurketak ezagutza ere eskaintzen duelako. Hala izanik, ohitura hori sustatuko duten espazioak sortzeko edo jarduerak antolatzeko konpromisoa berresten du.