Liburuaren Eguna ospatzeko askotariko ekimenak antolatu dituzte hainbat eragilek elkarlanean

2022ko apirilaren 8aLiburuaren Eguna ospatzeko askotariko ekimenak antolatu dituzte hainbat eragilek elkarlanean

Apirilaren 23tik 29ra egingo dira Liburuaren Egunaren (apirilak 23) testuinguruko ekitaldiak. Adin eta gustu desberdinak dituzten pertsonak asetzeko moduko egitaraua prestatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean. Esaterako, poesia irakurraldia, haurren ipuin lehiaketaren sari banaketa eta azoka egingo dira.

Apirilaren 23tik 29ra egingo dira Liburuaren Egunaren (apirilak 23) testuinguruko ekitaldiak. Adin eta gustu desberdinak dituzten pertsonak asetzeko moduko egitaraua prestatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean. Esaterako, poesia irakurraldia, haurren ipuin lehiaketaren sari banaketa eta azoka egingo dira. 

Liburuaren egunean bertan, apirilaren 23an, hasiko dira ekitaldiak, Kultur Elkarteko plazan, 11:00etatik 14:00etara jarriko den liburu azoka bereziarekin. Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan hainbat ekimen antolatzen ari da Udala, haren irudia eta egin zuen lana gogoratzeko, eta egun horretan bertan, 13:00etan Tene Mujikaren poesiaren irakurraldia egingo da, Bermut literarioa eta mikro irekia formatuan. 

Luzaro Eskolak antolatzen duen umeen ipuin lehiaketaren sari banaketa egingo da apirilaren 26an, 11:00etan udaletxeko osoko bilkuren gelan. Ekimen horren bitartez gaztetxoak liburuen mundura erakarri nahi dira, irakurketa eta idazketa landuz. Aurten, ekitaldia, iaz ez bezala, osasun pandemiak eragindako edukiera mugarik gabe egin ahal izango da, eta hortaz, protagonistek merezi duten aitortza jasoko dute. 

Hilabete honetako irakurketa klubaren saioa 27an, 19:00etan, egingo da, Ostolaza Udal Liburutegian. Ander Izagirreren 'Potosi' liburua landuko dute, Ainhoa Aldazabalek gidatuta. 

Azken ekitaldia 29an egingo da, Fundación Cárdenas fundazioak eta Udalak elkarlanean antolatzen duten 'Deba ehun hitzetan' literatur lehiaketaren sari banaketa, hain zuzen ere. 19:00etan Kultur Elkartean egingo da, Musika Eskolako musikariek lagunduta. 

Esan bezala, gustu, nahi eta adin tarte desberdinetako pertsonen gustuak asetzeko moduko egitaraua, beti ere, irakurzaletasuna, literatura eta kultura bultzatzeko helburuarekin.