Luzaro eskolan jarritako estalpearekin jarduera gehiagorako gune bat irabazi da

2022ko otsailaren 18aLuzaro eskolan jarritako estalpearekin jarduera gehiagorako gune bat irabazi da

Eskolak espazio librean estalitako gune baten beharra atzeman zuen, covid-19ak eragindako osasun egoerak areagotu zuena, eta Udalari esku-hartzea eskatu zion. Eskolarako sartu-irteerak taldeka egin behar ziren unean babesa egon zedin patio osoa estaltzen zuen karpa jarri zuen Debako Udalak bertan, baina gerora gunea iraunkor bihurtzeko estalpea egitea erabaki zen. Asteon amaitu dira abenduaren 15ean hasitako lanak.

Pozik agertu da Gilen Garcia Boyra alkatea Luzaro eskolan jarri berri den estalpearekin, “hemendik aurrera beste gune eroso batez gozatzeko aukera izango dugu, batez ere gaztetxoek”, esan du. 

Estalpe iraunkorra jartzeko orduan bilatu da eskolak izan dezan estalpe finkoa erabilera anitzetarako. Eta helburua izan da ez izatea hormigoizko kaxa bat, horregatik, propio eskatu zen proiektuan estalpea egiteko egurra erabiltzea, goxoagoa izan dadin. Zati bat libre utzi da nahi izatekotan espazio horri beste erabilera bat eman ahal izateko. 

Estalpea jartzearekin batera hobekuntza batzuk ere egin dira gune horretan. Eskumako hormigoizko eustorma garbitu da, eta frontoia berriro margotu da. Horrekin batera, eta gunea erosoagoa eta egoteko goxoago izan dadin, banku luze batzuk jarri dira, aurretik ez baitzegoen eserlekurik. Modu horretan, jolaserako bakarrik ez, elkarrekin egoteko gunea ere irabazten da. 

Aplibur enpresari esleitu zitzaion lana 271.777 (+BEZ) eurotan. Eusko Jaurlaritzak emango duen diru-laguntza batekin %60 ordainduko da.