Maiatzaren 27an zabalduko da Uda Kirola 2024n izena emateko epea

2024ko maiatzaren 22aMaiatzaren 27an zabalduko da Uda Kirola 2024n izena emateko epea

Ekimena 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago (2008 eta 2018 artean jaiotakoak) eta ikastaro gisa, surf, bobyboard, SUP, kayak eta skate surf izango dituzte interesdunek aukeran. Izen-ematea datorren astelehenetik aurrera egin ahal izango da Turismo Bulegoan bertan edo turismoa@deba.eus helbidera idatziz.

Uda heltzear den honetan, urtero legez, Uda Kirola 2024 programa antolatu du Debako Udaleko Kirol Zerbitzuak, udaz gozatzeko kirol jarduera desberdinak eskainiz.

Aurten surf, bodyboard, SUP, kayak eta skate surf ikastaroak eskainiko dira, Deba eta inguruko haur eta gazteen artean kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko.

Kirola eta aisialdia bat eginik

Uda Kirola 2024, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago (2008 eta 2018 artean jaiotakoak). Programa honetan jasotako jarduera guztiak ekainean, uztailean eta abuztuan egingo dira.

Ikastaroek 5 eguneko iraupena izango dute; lehenen txanda ekainaren 24an izango da eta azkena, abuztuaren 26ko astean. Ikastaro gehienak euskara hutsean eskainiko dira, baina, eskaerarik izanez gero, horietako batzuk elebietan egin ahal izango dira.

Izen-ematea

Izena emateko epea bi fasetan banatuta dago:

• Debako biztanleentzat: maiatzaren 27tik aurrera.

• Ez-egoiliarrentzat: ekainaren 3tik aurrera.

Izen-emateak Debako Turismo Bulegoan egingo dira (Ifar kalea, 4) edo turismoa@deba.eus helbidera idatziz eta izen-emate orria bidaliz (beheran dago atxikita). Horri dagokionez, Udalak nabarmendu du lehen egunean lehentasuna izango dutela aurrez-aurre turismo bulegoan izena ematen duten pertsonek, eta, bigarren egunetik aurrera, izen emateak aurrez-aurre edota online egin ahal izango direla.  Era berean, programa honen eskaera handia dela eta, pertsona bakoitzak gehienez 4 izen-emate egin ahal izango ditu.

Turismo bulegoko ordutegia 10:00-14:00 eta 15:00-18:00 bitartekoa da, astelehenetik larunbatera eta 10:00-14:00 bitartekoa igande zein jaiegunetan.

Ikastaroen ordainketa plaza konfirmatu ondoren egingo da. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (GBI) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) bezalako prestazioen onuradun diren Debako familiek ikastaroen kostuaren % 20 baino ez dute ordainduko.

Gainera, uztaila amaitzean, eskaintza egokitu eta aldatu ahal izango da, okupazioaren eta eskariaren arabera. Informazio eguneratu guztia sare sozialetan eta Debako Udalaren webgunean (www.deba.eus) egongo da eskuragarri.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jarri harremanetan Debako Turismo Bulegoarekin 943 19 24 52 telefonora deituz edo turismoa@deba.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Eskaintza osoa hemen

Izen-emate orria