"MAITE ETXEBERRIA" DEBAKO NESKEN BINAKAKO PALA TXAPELKETA AMAITU DA

2015ko abenduaren 22a"MAITE ETXEBERRIA" DEBAKO NESKEN BINAKAKO PALA TXAPELKETA AMAITU DA

Baditugu, jada, 2015eko txapeldunak!!! Ainitze Agirrezabala eta Jone Loiola izan dira nesken binakako pala txapelketako irabazleak, Dorleta Fernández eta Nahia Abadekin 22-20 egin eta gero.

Ainitze eta Jonek pala txapelketa antolatzen hasi zenetik hirugarren finala jokatu zuten igandean; eta beste bietan ere irabazteko hortxe-hortxe egon baziren ere, aurtengora arte itxaron behar izan dute, merezimendu osoz eta arerio oso indartsuen kontra, txapela eskuratzeko. Partida bizia, zirraragarria izan zen, frontoia bete ikusleen aurrean jokatu zutena. Indarra, jokua, bi paretak, bolea ikusgarriak… Jokalariak gustura eta publikoa ere bai. Detaile guztiak zaindu zituzten antolatzaileek eta, partida aurretik ere, aurreskua eskaini zitzaien bi bikoteei. Iera Larrañaga eta Enara Gorostiza izan ziren, hurrenez hurren, dantza eta txistu doinuak eskaini zizkietenak.

Giro bikaina bizi izan zen igandean frontoian. Partidetan sortutako giro alai eta, tarteka, urduria, beste giro bareago, bilduago eta hunkigarriago batekin uztartu zuten jokalari-partehartzaile guztiek, uda honetan auto istripuz hildako Maite Etxeberria palakideari omenaldia egiterakoan. Mari Searak irakurri zuen, denen izenean, harentzat sortutako poema eta Iera Zubikaraik hitz batzuk egin zituen bikotekide izan zuenarentzat. Poema horixe eta Zuriñe Gredillak politto apaindutako pala oparitu zitzaizkion familiari oroigarri gisa. Nesken buru-bihotzetan izango da beti.

Aurretik 3. eta 4. postua erabakitzeko beste partida bat jokatu zen; hura ere ederra. Irati Ziaran eta Nerea Zubia suertatu ziren garaile Sheila Gonçalves eta Iratxe Astigarragaren aurka (22-14). Lau jokalari horietatik hiruk, lehenengo aldiz hartu dute parte txapelketan; gazteenak dira. Badirudi, beraz, txapelketa hasi dela pixkanaka-pixkanaka, helburu duen beste horretan ere eragiten: nesken artean, zaharragoen baina batez ere gazteagoen artean, pilotarako zaletasuna pizten eta, adinak adin, zaletasun horren inguruan jendea taldera biltzen. Hasiera ona eman zion laukoteak igandeko ekitaldiari. Lehenengo aldiz jokatzen eta 3. eta 4. postua erabakitzen! Bada, ikusten denez, etorkizunik.