Marina Guridi debarra gailendu da Gabonetako I. Leiho, Balkoi eta Fatxada lehiaketan
2024ko urtarrilaren 5aMiren Zarranz, Josean Egaña eta Pili Lizasoren leiho, balkoi eta fatxadek ere merezitako saria jaso dute. • Aurreikusitakoa baino partehartze handiagoarekin, Alazne Txurruka alkateak debarrek erakutsitako ahalegina eta gogoa azpimarratu nahi izan ditu.
Debako Udala pozik agertu da Gabonetako Leiho, Balkoi eta Fatxaden I. lehiaketak izandako harrerarekin. Inskripzioak, hasiera batean abenduaren 20ra arte aurreikusiak bazeuden ere, 23ra arte luzatu ziren, eta Udalaren kanal digitalen bidez komunikatu zen aldaketa. Hamar parte-hartzailek eman zuten izena, ezarritako gutxieneko bosteko muga nabarmen gaindituz.
Epaimahaia Alazne Txurruka Allika alkateak osatu du, Jon Riaño Ojanguren alkateordearekin eta Ainhoa Urbieta Egaña Kultura zinegotziarekin batera; 2024ko urtarrilaren 4an elkartu ziren aurkeztutako argazkiak aztertzeko asmoz. Eztabaidatu ondoren, aho batez hartu zuten erabakia. Sari banaketa honako hau izan da:
Lehen saria 200 € | Marina Guridi
Bigarren saria 150 € | Miren Zarranz
Hirugarren saria 100 € | Josean Egaña
Laugarren saria 50 € | Pili Lizaso
Modu berezian, Ekialdeko Errege Magoek sari-banaketan izan dira, Deba magiaz eta kolorez betez. Hala, ekitaldiari alaitasun eta harridura ukitu bat eman diote, eta debarrek tradizioarekin eta Gabonetako jaiekin duten lotura kulturala berretsi dute.
Alazne Txurruka alkateak, esker onez, lehiaketan parte hartu duten pertsona guztien ahalegina eta gogoa azpimarratu ditu. Azaldu duenez, Gabonetako espiritua bizirik izan da Deban egun hauetan, hein handi batean apaindutako leiho, balkoi eta fatxada bakoitzari esker. Debako kaleak argiztatzeaz gain, garai seinalatu hauetan komunitatearen zentzua eta alaitasun partekatua agerian geratu da.
Era berean, Alkateak holako ekimenek tokiko ekonomian duten eragin positiboa azpimarratu du. Gabonetako dekorazioak bizilagunak eta bisitariak kaleak zeharkatzera gonbidatzen dituela nabarmendu du, udalerriko saltokietan erostera eta kontsumitzera, eta horrek tokiko merkatariak eta enpresariak dinamizatzen eta babesten dituela. Horrela, lehiaketa tokiko merkataritza eta turismoa bultzatzeko estrategietako bat izatea da helburua, kultura eta jaia Debako garapen ekonomiko eta sozialarekin batera doazela erakutsiz.



