Martin Zalakain ikuskizunaren azken aurreko emanaldia Deban izango da 

2022ko irailaren 23aMartin Zalakain ikuskizunaren azken aurreko emanaldia Deban izango da 

Pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ondoren, Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna berriz ikus daiteke Euskal Herriko leku guztietan. Donostian bira amaitu aurretik, Deban ikusi ahal izango da urriaren 1ean, 22:00etan kiroldegian. Sarrerak salgai daude Turismo bulegoan.

2017an, San Martin egunez Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zenetik, 22 aldiz eskaini da Martin Zalakain, 19 herritan. Orotara, 13.000 ikusle inguruan izan ditu ikuskizunak. 

Argia dantzari taldearen eta Artedrama arte eszenikoen plataformaren zuzendaritzapean sortu zen ikuskizuna, eta Pio Barojak 1908 urtean idatzitako Zalacain el aventurero eleberriaren protagonista den Martin Zalakain mitikoaren abenturak kontatzen ditu dantzaren, antzerkiaren eta musikaren bidez, emanaldi bakoitzean Euskal Herriko leku ezberdinetako 100 pertsonatik gora biltzen dira jendaurrean. 

Antolatzaileen esanetan, “handik eta hemendik bildutako jende honen guztiaren arteko lankidetzak guztiz berezia bilakatzen du ikuskizunaren prestaketa eta emanaldia bera, ikasketarako une izatearekin batera gozamenerako eta festarako leku bihurtzen baita era berean”. 

Pandemia osteko Martin Zalakainen ibilbideak dakartzan berritasunen artean aipagarria da kontakizunaren gidari egiten duen On Pio [Baroja] nobelagilearen papera, Josu Camarak gorpuzten duela orain, lehen txanpan bai aktore lanetan, bai eszenaratzea zuzentzen aritu zen Ander Lipusen tokia hartuz. Dantzari eta musikarien artean ere gertatu dira erreleboak, jende gaztea sartu baita ikuskizunean. 

Ikerfolk elkarteak eta Artedramak ekoiztutako ikuskizun honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.