Martxoaren 25ean zabalduko da Artzabalgo hilerri berria

2022ko martxoaren 4aMartxoaren 25ean zabalduko da Artzabalgo hilerri berria

Heldu da Artzabalgo hilerri berria zabaltzeko unea. Martxoaren 25ean, 12:00etan zabalduko da. Udalerrian aspaldi atzemandako behar bati erantzungo zaio horrekin. Hilerri berdea da, hilobi gehienak lur azpian eta soropilez estaliak daude, eta horrenbestez, parke baten itxura du. Herritarrek aurretik ezagutzeko aukera izango dute martxoaren 17an, 18an eta 19an egingo diren bisita gidatuetan.

Azpiegitura garrantzitsua izango da herriarentzat. Hilerri berri honek Udalean zein herrian, eta orokorrean gaur egungo gizartean, sustatzen diren balore batzuk ditu oinarri: pertsonen arteko berdintasuna eta aniztasuna, eta umiltasuna. Edozein jatorri, ideologia edo pentsamenduko senitarteko eta lagunei agur esateko aukera emango du Artzabalgo hilerriak, horretarako prestatutako beilatokietan eta aretoan. Orain arte ez bezala, herrian bertan egin ahal izango zaizkie agur ekitaldiak senitarteko eta lagunei, hortaz. 

Martxoaren 25ean zabaldu aurretik, herritarrek ikus dezaten ate irekien jardunaldiak eta bisita gidatuak egingo ditu Udalak martxoaren 17tik 19ra. Bi bisita egingo dira euskaraz, martxoaren 17an, osteguna, 18:00etan; eta martxoaren 18an, ostirala, 11:00etan. Gaztelaniaz, berriz, martxoaren 18an, ostirala, 18:00etan, eta martxoaren 19an, larunbata, 11:00etan. Izena eman behar da martxoaren 16a (hau barne) baino lehen. Izen-ematea, martxoaren 16a baino lehen (hau barne) info@deba.eus helbidera idatzita edota 943 19 28 40 telefonora deituta egin beharko da. 

Horman jarritako banakako 54 nitxo, lur azpiko 30 nitxo, 972 errauts kutxarako espazioa dago lurperatutako kolunbarioetan, errautsen parkea eta hezurtegia daude. 

Hilerriari buruzko informazioa, planoa, argazkiak... jasotzen dituen aldizkaria banatu da etxeetara asteon (datorren astean formatu digitalean ere partekatuko da). Bertan dago, halaber, hilerriari buruzko iritzia jasotzeko galdetegia ere. Galdetegia online ere bete daiteke helbide honetan: https://labur.eus/ArtzabalgoHilerriaDebaMartxoaren 31era arteko epean jasoko dira paperekoak zein digitalak. 

 

ALDIZKARIA