Nazioarteko IV. Flysch Organo Zikloa martxan

2019/06/30
Pasa den ostiralean aurkeztu zuten, Donostian, uztailean kostako zenbait herritan ospatuko den Nazioarteko IV. Flysch Organo Zikloa. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Deba, Mutriku, Getaria eta Zumaiako udalek laugarrenez parte hartuko dute.

Mikel Diez Sarasola Kultura Zuzendariak eta Santiago Banda organojoleak Aldundiak sustatzen duen eta udan kostako zenbait herritan ospatuko den Nazioarteko IV. Flysch Organo Zikloa aurkeztu zuten ostiralean.

"Organoa, tresna ezezaguna den neurrian, ezagutzera eman nahi da, eta gure ondarearen balioa azalduz, Gipuzkoako kultur eskaintza turistikoa erakargarriago bihurtu nahi da” adierazi zuen Diez Sarasolak.

Gipuzkoan dauden lehen mailako tresnei ikusgarritasun gehiago eman nahi zaie, eta kasu honetan, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku kostako herrietan.

Egitaraua

  • MUTRIKU, 2019/06/30, 20:00etan, Andra Mari Elizan. Paula Iragorri mezzosopranoaren eta Alize Mendizabal organistaren emanaldia.
  • DEBA, 2019/07/07, 20:00etan, Angel Monteroren emanaldia Santa Maria elizan.
  • GETARIA, 2019/07/14, 20:00etan, Salbatore elizan. Santiago Banda zumaiarraren emanaldia Afagiren alde.
  • ZUMAIA, 2019/07/20, 20:30ean, San Pedro parrokian. Divertimentos con fundamento. José Luis Echechipia organistaren eta Ana García Caraballos saxoaren emanaldia.
  • DEBA, 2019/07/28, 20:00etan, Oscar Candendo organistaren emanaldia Santa Maria elizan.

Organoa, duen izaeragatik, ezin da seriean egin. Beraz, instrumentu bakoitza, artisau erara egindakoa, toki jakin batean jartzekoa da. Egileak ahalik eta soinu onena lortzea nahi du, gune arkitektoniko bakoitzak dituen baldintza akustikoen arabera, bai eliza batean, bai auditorium batean edo beste edozein tokitan.

Debako organoa

Gure garaiko ospetsuenetakoa den G. Grenzing enpresa organo-egileak Debako organoa egin zuen 2009. urtean, Santa Maria elizan jartzeko. Instrumentu horrek 37 erregistro ditu eskuzko hiru teklatutan eta pedaleko batean banatuta. Organo hori eraiki zen, batez ere, musika barrokoa egiteko. Hala ere, erregistro bakoitzak duen soinu-kalitatea kontuan hartuta, beste garai eta estilo batzuetako musika entzuteko aukera ere izango da.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia