Ohiko osoko bilkura egin du Debako udalbatzak
Honela bada, besteak beste, Garapenaren Aldeko Nazioarteko Diru-laguntzak norgehiagoka prozedura bidez esleitzeko 2020ko deialdia onartu zen. Bestetik, Covid-19aren pandemiak eragindako alarma egoerak irauten duen bitartean bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzeko Debako erromesen aterpetxea atondu da eta hainbat pertsona hartu ditu. Eskualdeko udalek (Eibar, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Soraluze eta Deba elkarlanean ematen dute zerbitzua eta atzoko osoko bilkuran lankidetza-hitzarmena berretsi zen.
Kultura eta euskara arloari lotuta, bestetik, bi hitzarmen onartu ziren. Alde batetik, Tene Mujika Bekaren oinarriak eta aurrekontua onetsi ziren. Bestetik, Debako Euskararen Historia Sozialaren lanketan jarraitzeko, hitzarmena izenpetu da HUHEZIrekin.
Gipuzkoako foru funtsa %20 murriztu izana salatzeko egindako mozioan, jasotzen da, “zerbitzu publikoak garatzeko ezinbestekoa den finantzazioaz ari gara hizketan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoez.” Horregatik, Debako udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari elkarrizketa eta elkarlana eskatu dizkio.
Udalak erabaki honen berri emango dio Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Nagusiari, Ogasun Diputatuari, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztiei eta EUDELeko Gipuzkoako eta EAEko zuzendaritzei.