'Oinherri' elkarteko bazkide laguntzaile izatea onartu du udalbatzak aho batez agintaldiko azken osoko bilkuran

2023ko maiatzaren 12a'Oinherri' elkarteko bazkide laguntzaile izatea onartu du udalbatzak aho batez agintaldiko azken osoko bilkuran

Maiatzaren 11n ez-ohiko osoko bilkura egin du Debako udalbatzak. Agintaldi honetako azken osoko bilkura izan da. Bertan, Debako Udala 'Oinherri, Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartean' bazkide laguntzaile moduan parte hartzeko erabakia hartu udalbatzak, aho batez.

Elkartearen helburu nagusia da aisia-eredu berritzailea garatzea eta gauzatzea, eta zazpi kontzeptu hauetan oinarritzen da, hain zuzen ere:

• Haurtzaroaren eta kultura eta jolasaren ezinbestekotasuna.

• Haurren parte-hartzea eta erabakitze ahalmena.

• Aisia hezitzailea.

• Euskara eta euskal kultura.

• Aniztasunean berdin eta parekide.

• Ingurumen naturala eta kulturala.

• Komunitate sarea eta auzolana.

Euskara, kultura, ingurumena, aisialdia, kaleko bizikidetza, tokiko garapena, haurtzaroa eta gazteria, ongizatea, arlo guzti horietan politikak sustatu eta ekimenak antolatzeko eskumena dute udalek, berezko bitartekoez edota beste erakunde edo elkarte, publiko zein pribatuekin, elkarlanean. Eta 'Oinherri, Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartearen langintza esparru horietan garatzen denez, Debako Udala elkarteko kide izatea eskumen propioak egikaritzeko bitartekoa izango dela ondorioztatu da.

Proposamenaren finantza jasangarritasunari dagokionez, Debako Udalaren 2023. urteko aurrekontuko partida bat jasota dago,  bazkide laguntzaile gisa ordaindu beharreko 3.000 euroko kuotari aurre egiteko.

Agintaldiko azken bilkura izan zenez, amaieran taldeetako bozeramaleek hitza hartu zuten agurra egiteko.

BILKURA