Osasun kognitiboa zaintzeko programa abiatu dute CITA-Alzheimer Fundazioak eta Debako udalak

2020/11/24
60 urtetik gorako 1.800 herritarri gutuna bidali zaio egunotan osasun kognitiboa lantzeko programaren berri eman eta abenduaren erdialdean abiatuko diren saioetan izena eman dezaten gonbidatuz. 'ExerCita' programaren helburu nagusia Debako herritarrei gaitasun kognitiboak sustatzen eta zaintzen laguntzea da, egunerokotasunean ohitura kognitibo onak hartzen laguntzeko. Abenduaren 1a arteko epea dago bertan izena emateko.

'ExerCita', 60 urtetik gorako pertsona osasuntsuei edota narriadura kognitibo arina dutenei zuzenduta dagoen estimulazio kognitiborako programa integrala da. Bi ardatzez osatuta dago: egituratutako ariketa liburua eta material hau egiten duten pertsonen jarraipen eta aholkularitza. 

Estimulazio kognitiborako 3 hilabeteko programa da, material eta talde saioez osatutakoa. Hiru hilabetez, astean 20-25 minututako hiru saio egin beharko dituzte, bakoitzak nahi duen egun eta orduan. Saio bakoitza funtzio kognitibo ezberdinak lantzen dituzten hiru ariketez osatuta dago. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke eta gertuko gaiak ere jorratzen ditu. 

Jarraipena hamabostean behin egiten diren talde saioen bidez egiten da, garunaren funtzionamenduari eta funtzio kognitiboei buruzko ezagutzak eskuratzeko, zer diren eta nola hobetu jakiteko gakoak emanez. 

Bertan parte hartzen duten pertsonek, hainbat onura jasoko dituzte; hala nola, funtzio kognitiboak landu, indartu eta mantendu; funtzio kognitiboak zer diren eta bakoitzaren garrantzia gure egunerokoan ulertzea; zalantzak partekatu eta argitu, eta profesionalen jarraipena izatea. 

60 urtez gorako Deba udalerriko herritarrek etxean jaso duten gutunean dituzte programan parte hartzeko jarraibideak. Izenena emateko galdetegia bidaltzeko azken eguna abenduaren 1a izango da, ez azaroaren 26a gutunean dioen moduan. Abenduaren erdialdean hasiko da informazio saioekin. Gaur egungo pandemia egoeraren ondorioz, jarraipen taldeko saioak bideo-deien bidez egingo dira. Horretarako aukerarik ez dutenek telefono bidez egingo dute jarraipen hori.