Ostegun honetan emango dio hasiera Geoparkeak aurtengo Europako Geoparkeen Asteari

2022ko maiatzaren 18aOstegun honetan emango dio hasiera Geoparkeak aurtengo Europako Geoparkeen Asteari

Ostegun honetan, hilak 19 hasi eta ekainaren 2ra bitartean, Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Deban, Mutrikun eta Zumaian, hamahirugarren urtez. Ekimen hau Europan egun dauden 94 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira; geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke egitarau osoa. Honako hauek dira antolatu dituen ekintza guztiak:  

GNATZINEMA, OSTEGUNEAN 

Europako Geoparkeen Asteari hasiera emateko, maiatzaren 19an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etan “Urak aske” filma proiektatuko da Zumaiako Aita Mari Antzokian. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte eta Miren Atristain egongo da aurkezpenean, EHUko Erreken Ekologia taldeko ikerlaria.

BIOTOP, BIODIBERTSITATE TOPAKETA LARUNBATEAN 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak BIOTOP izeneko biodibertsitate topaketa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin larunbatean, hilak 21. Jarduerak Galarretako atsedenlekua (Itziar-Deba) izango du abiapuntu eta lau txanda egongo dira aukeran.

BIOTOP topaketa edonori dago zuzendua, doakoa da eta Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea du helburu, kasu honetan, Elorriaga auzoko hegaztiak eta flora ezagutzeko aukera emango digu. Prismatikoaz izanez gero, eramatea gomendatzen da.

Larunbateko goizean zehar hainbat irteera egingo dira. Talde bakoitzak Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. Gehien interesatzen zaizun taldea aukera dezakezu edo batean baino gehiagotan parte hartu.

Irteeren ordutegiak:

  • 9:00-10:30 Aves (castellano)

  • 9:00-10:30 Landareak (euskaraz)

  • 10:30-12:00 Hegaztiak (euskaraz)

  • 10:30-12:00 Plantas (castellano)

Ekimena irekia da, baina parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2022 edo turismo bulegoetan (943 143 396 / 943 603 378 / 943 192 452). Plazak mugatuak dira eta taldeak 20 parte-hartzaile izango ditu gehienez. 

KARSTEKO ZAPOREAK IRTEERA GIDATUA

Maiatzaren 22an, igandea, goizeko 11etan, Geoparkeak Karsteko Zaporeak doako bisita gidatua antolatu du.Txangoan Goienetxe euskal baserri tipikoa bisitatuko dugu eta gazta egiteko prozesua ezagutuko dugu. Gainera, artalde bat ikusiko dugu eta gazta dastatzeko aukera egongo da.

Mutrikuko Olatz auzoko San Isidro elizan hasten da bisita, bi orduko iraupena izango du eta euskaraz izango da. Erreserbak webgunean egin behar dira eta #GPKastea deskontu kodea ipini behar da erreserba doan eskuratzeko.

SORBELTZAK: BIZITZA AIREAN” SOLASALDIA

Ostiralean, maiatzak 27, arratsaldeko 19etan Debako Turismo Bulegoan “Sorbeltzak: bizitza airean” hitzaldia egingo da Eneko Azkue ornitologoarekin. Helburua da hegazti hauen inguruko informazioa ematea eta habi-kutxak  nolakoak diren ezagutzea. Ordu erdiko hitzaldia emango du Azkuek eta ondoren, beste ordu erdiko paseo bat emango dugu Debatik habi-kutxak jartzeko toki posibleak identifikatzeko. Jarduera euskaraz egingo da eta ez da beharrezkoa izena ematea. 

GORDAILURA, GIPUZKOAKO ONDARE BILDUMEN ZENTROA, BISITA GIDATUA

Larunbat goizean, maiatzak 28, Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, bisita gidatua antolatu dugu. Debatik irtengo da autobusa goizeko 10etan eta bisitak 11etatik 12:30etara iraungo du. Bisitaren ondoren autobusa hartu eta taldea Debara eramango dugu. 

Gordailuan zaintzen dira Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak, gure lurraldearen historia ezagutzeko balio duten pieza interesgarriak. Indusketetan, prospekzio arkeologikoetan edota ezustean agertutako piezak dira Gordailuan daudenak: lehenengo gizakien aztarnak, adibidez Lezetxikiko humeroa, Ekaingo zein PraileaitzIeko arte higigarri paleolitikoa etab. Bestalde, ikerketa paleontologikoetatik jaso diren aztarnak ere daude bertan: hamaika hartzen aztarnak, hienak, eta Arrikrutzen aurkitutako haitzuloetako lehoia ia osorik.

Bisita euskaraz eta gazteleraz egin daiteke eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da formulario honetan edo turismo bulegoetan (943 143 396 / 943 603 378 / 943 192 452).

FAMILIENTZAKO FOSILEN TAILERRA Nautilus GELA DIDAKTIKOAN 

Larunbat arratsaldean, maiatzak 28, bestalde, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan, familientzako fosilen tailerra antolatu da. Arratsaldez izango da, 16:30ean hasiko da eta 18:00etan bukatzea aurreikusten da.  Jarduera honen helburua da Nautilus Gela Didaktikoan Mutrikuko flysch beltzean aurkitutako fosil erraldoien bilduma ezagutzea. Horretarako, familiek geologia tailer dibertigarri batean parte-hartuko dute eta eskuz egingo duten amonite bat eramango dute etxera. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat da egokia jarduera hau. 

25 lagunentzako tokia dago jarduera honetan eta aurrez izena ematea beharrezkoa da formulario honetan edo turismo bulegoetan (943 143 396 / 943 603 378 / 943 192 452).

ITSASLABARREN GARBIKETA AUZOLANEAN

Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 29an egingo da, igandez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar-Deba). Ekimenaren helburua da herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea. Horregatik, Geoparkeak deialdia egin nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte har dezaten (ekintzak ez dauka gutxieneko adina, baina kontuan hartu behar da arroketan ibiliko garela).

Goizeko 08:30ean autobusa aterako da Debako Zumarditik boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baikara labarretara. Bestalde, talde bat antolatuko dugu gidari batekin Zumaiatik oinez joateko. Kotxez ere gerturatu daiteke Elorriagara baina kontuan izan, aparkalekua mugatua dela. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da goizeko 9:00etan.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Hiru orduko lana izango da eta ondoren, zakuak helikopteroz igoko dira Elorriagara. Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrezlabur.eus/garbiketa2022 helbidean.

SOLASALDIA ITZURUN HONDARTZAKO TERRAZAN

Itsas hondakinen arazoa tratatuko dugu solasaldian: esperientziak, irtenbideak, elkarlanean aritzeko beharra etab. Parte hartuko dute:

  • Mater Museoko Izaskun Suberbiola

  • Aztiko Oihane Cabezas

  • Surfrider Foundationeko Maria Ballesteros 

  • Jon Kareaga ingurumen aktibista eta Bask markaren sortzaileetako bat

  • Moderatzailea: Gorka Zabaleta kazetaria

Itzurun hondartzako terrazan izango da, arratsaldez. Jarduera hau antolatzen gabiltza eta laster emango dizuegu informazio gehiago. 

Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialetan; Twitterren, Facebooken eta Instagramen egitasmo honi buruzkoak #EGNWeek2022 traolarekin ikus daitezke. Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri izango duzu une oro FacebookenTwitterren eta Instagramen. Ez galdu aukera eta parte hartu!