Bihar abiatuko da Debako XXXI. Antzerki Astea

2017ko maiatzaren 25aBihar abiatuko da Debako XXXI. Antzerki Astea

Maiatzaren 26tik ekainaren 4ra bitarte mota guztietako antzezlanak izango ditugu Deban, Antzerki Astearen baitan. XXXI. edizio honetan ere, euskarazko zazpi ikuskizun taularatuko dituzte talde profesional zein amateurrek.

Deban XXXI. Antzerki Astea ospatuko dugu maiatzaren 26tik ekainaren 4ra bitartean. Talde profesional zein amateurrek eskainitako euskarazko zazpi ikuskizun antzeztuko dira herrian datozen bi asteburutan.

Antzerki Asteari hasiera emateko, Azpeitiko Lakrikun antzerki taldeak Prest gaude antzezlana eskainiko digu ostiral honetan, maiatzaren 26an. Ikuskizuna Aldats pilotalekuan izango da gaueko 22:30ean eta sarrera 5€-koa izango da.

Bigarren antzerkia larunbatean, maiatzaren 27an, izango da, toki eta ordu berean. Kasu honetan, Zarauzko Bederen antzerki taldeko kideak igoko dira taula gainera A.M. Classics lana antzeztera (sarrera 6€). Igandean, aldiz, eguerdiko 13:00etik aurrera, Trapu Zaharrak talde donostiarraren Etsita antzezlana ikusiko dugu Debako kaleetan zehar.

Maiatzaren 30ean, asteartea, Aizarnako antzerki eskolak Amamaren albondigak obraren bi emanaldi eskainiko dizkie ikastetxeetako ikasleei. Goaz herriko antzerki taldearen aretoan izango dira; lehen ikuskizuna 10:30ean eta bigarrena 11:30ean.

Hurrengo asteburuan ere izango dugu hainbat antzezlanez gozatzeko aukera. Ekainaren 2an, ostirala, Orratx antzerki taldea izango da protagonista. Lezotik datoz Ez hemengo ez hango izeneko ikuskizuna eskaintzera. Antzezlana Aldats pilotalekuan izango da 22:30ean, 5€-ren truke.

Ekainaren 3an, larunbata, eszenatokia aldatuko dugu. Agirre jauregiko ispiluen gelan taularatuko dute Artedramako kideek Hozkailua antzezlana gaueko 22:30ean (sarrera 6€).

Ekintza kulturalez beteriko aste honi amaiera emateko, Zurriolako antzerki taldearen eskutik Hiru ipuin obra antzeztuko da Aldats pilotalekuan eguerdiko 12:30ean. 3€-ko kostua izango du sarrerak eta familia osoari zuzenduta dago. Barre egin, ondo pasa, kanta eta dantzatzeko aukera paregabea!