Pintura, tailla eta zeramikako ikasleen lanen erakusketa, igandean, Plaza Zaharrean

2024ko maiatzaren 31aPintura, tailla eta zeramikako ikasleen lanen erakusketa, igandean, Plaza Zaharrean

Erakusketa Udalaren GOZATUZ programaren baitan kokatzen da eta ikasleek ikasturtean zehar egindako lanak jasotzen ditu.

Datorren igandean, ekainak 2, pintura, tailla eta zeramika ikasleek ikasturtean zehar egindako lanen erakusketa bat aurkeztuko dute Plaza Zaharrean. Jarduera hau Debako Udalak garapen artistiko eta kulturala sustatzeko antolatzen duen GOZATUZ programaren barruan kokatzen da.

Pintura ikastaroa Osioko lokaletan egin da, eta, bertan, hogei gaztek baino gehiagok hartu dute parte, Uxue Santxoren zuzendaritzapean. Zuriñe Gredillak eta Txiki Keixetak, hurrenez hurren, tailla eta zeramika tailerrak zuzendu dituzte. Helduen bost talde aritu dira jarduera horietan; bi tailla-ikastaroan eta hiru zeramika-ikastaroan.

Horrez gain, dozena bat ikaslez osatutako antzerki taldeak joan den asteartean aurkeztu zuen  "Lasturko jauregia" antzezlana, Debako Itzale Lakak eta Elgoibarko Sara Iriondok zuzendu zutena. Aurten, gainera, lehenbizikoz GOAZ Antzerki Taldeak antolatutako Antzerki Astearen barruan eskaini dute lana. 18:00etan eta 19:00etan egindako antzezpenetan aretoa bete-bete egin zen eta ikusleak eta aktoreak oso pozik geratu ziren emaitzarekin.