Rara filmaren emanaldia eta mahai ingurua Deban

2017ko irailaren 19aRara filmaren emanaldia eta mahai ingurua Deban

Debako Kultur Elkartean proiektatuko da Rara filma datorren irailaren 24an, igandean. Emanaldiaren ondoren, Latinoamerikako LGTBI kolektiboaren errealitatearen inguruan hitz egiteko mahai ingurua antolatu da. Jarduera aurrera eramateko Mugen Gainetik elkartearen eta Gehituko Sebastiane Sariko batzordearen laguntza izan du Udalak.

Datorren igandean, irailaren 24an, Rara (2016ko Sebastiane Latino Sariaren irabazlea) filma proiektatuko da Debako kultur elkartean eta emanaldiaren ondoren, mahai ingurua izango da. Ekitaldi hau aurrera eramateko LGTBI Kolketiborako nazioarteko koordinazio guneak eta Gipuzkoako hiritarren kontzientzia kritikoa proiektuaren eta Gehituko Sebastiane Sariko batzordearen laguntza izan du Udalak.

Aipatu proiektu hau Mugen Gainetik elkarteak darama Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta bere helburu nagusia gipuzkoar biztanlegoari LGTBI kolektiboak Latinoamerikan bizi duen errealitatea ezagutaraztea da, eraldaketarako tresna gisa kultura erabiliz.

Ekitaldi honetan, batetik, Txileko bi emakumeren benetako istorioa kontatzen duen Rara izeneko filma proiektatuko da. Emakume hauek hainbat eta hainbat oztopo gainditu behar izan zituzten beraien alabaren zaintza lortu ahal izateko, bi emakume izatearen arrazoi soilagatik.

Bestetik, pelikularen ondoren, Latinoamerikako LGTBI kolektiboaren errealitatearen inguruan hitz egiteko aukera izango dugu eta honako hauek izango dira mahai inguruaren dinamizatzaileak:

  • Rolando Salazar (Peru): zine-zuzendaria eta jada 8 edizio ospatu dituen Limako Out Fest Gay Lesbo Trans Zine Jaialdiaren zuzendaria. LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzailea da Perun.

  • Deivis Ventura (Dominikar Errepublika): zine-zuzendaria, politikaria, LGTB ekintzailea eta hezitzailea. PNUDek sustatzen dituen GIB Egitasmorako eta aniztasun sexoafektibo eta giza-eskubideen aldeko ekintzetan laguntzaile.

Bi zine-zuzendari hauek lehen pertsonan kontatuko digute zeintzuk diren beraien herrialdeetan egunero aurkitzen dituzten zailtasunak eta bilatzen dituzten helburuak.

Jarduera honen bitartez, halaber, Gehituko Sebastiane Saria batzordeak burutzen duen lan itzela ikusarazi nahi da. Batzorde honek Sebastiane Latino saria urtero ematen dio kolektiboaren errealitatea hobeki erakusten duen eta Zinemaldian aurkezten den Latinoamerikako filmari.

Emanaldia datorren igandean, irailaren 24an, izango da; 19:00etan Debako Kultur Elkartean.