San Roke jaietarako kartela aukeratzeko erakusketa zabalik bihar eta etzi
2024ko uztailaren 4aErakusketa zabalik egongo da Udaleko Osoko Bilkura aretoan, ostiral eta larunbatean, 17:00etatik 20:00etara, herritarrek jaietako kartela aukeratu dezaten
Gero eta gutxiago falta da Deban San Rokeak ospatzeko. Zehazki, abuztuaren 14tik 18ra ospatuko dira aurtengo jaiak eta festak iragartzeko kartelak aurkezteko epea amaituta, orain jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko unea iritsi da.
Aurkeztutako lan guztien artetik 6 aukeratu ditu epaimahaiak eta horiek ikusgai izango dira bihar eta etzi, herritarrek, gustukoena dutena aukeratu dezaten.
Bihar uztailak 5, ostirala, San Roke Jaietako kartela aukeratzeko erakusketa zabalduko da Udaleko Osoko Bilkurako aretoan. Erakusketa ikusgai izango da, uztailaren 5ean eta 6an, ostiralean eta larunbatean, 17:00etatik 20:00etara.
Kartel irabazlearen aukeraketa, debarren esku
Iaz egin bezala, aurten ere herritarren bozketa bidez erabakiko da jaietako kartel irabazlea. Erakusketa horretan dauden 6 lanen artean aukeratuko dute debarrek gustukoen duten proposamena, jaien irudi izan dadin. Horretarako botoa Pleno aretoan bertan eman beharko da. Kartel irabazlearen berri datozen egunetan emango da. Lehiaketaren irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta saririk jaso ez duten lanak abuztuaren 1etik 5era jaso ahal izango dira, harrera bulegoan.
San Roke jaiak herriko jai kuttunenak dira, debarrek gogoz bizitzen dituztenak, horregatik, udaletik kartel aukeraketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.