San Roke jairik ez da egingo aurten

2021ko uztailaren 30aSan Roke jairik ez da egingo aurten

Uda hasieran Udalak jakinarazi zuen moduan, gogorarazi nahi du aurten ez dela San Roke jairik egingo Deban.

Covid-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz, eta dagoeneko guztiok dakigun moduan, ez dago baldintza egokirik festak ospatzeko. Azken asteotan intzidentzia tasak gorako joera hartu du, Deban bezala nazioartean, eta hortaz, osasuna zaintzeko beharra handitu egin da. Eta are beharrezkoagoa da jende pilaketak ekiditea. 

Debako Udalak beste behin eskatu nahi die debarrei zentzuz joka dezaten, beharrezko prebentzio neurriak har ditzaten, eta bereziki jende pilaketak ekidin ditzaten, gaitzaren zabalpena murriztu dadin. 

Luzea eta gogorra izaten ari da pandemiaren garaia, baina beharrezko neurriak hartu ezean zaila izango da egoera iraultzea. 

Udako oporraldi sasoi betean guztion nahia da kalean, lagun artean ibiltzea... osasun egoerak, ordea, ez du hori erraz jartzen. Aitzitik, prebentzio neurriak hartuta, ikusi da kultura ekimenak egitea segurua dela, eta hori izango da Debako Udalak herritarrei eskainiko diena. Egoera bere onera bueltatzen denean izango dugu San Rokeak ohi bezala ospatzeko aukera, baldin eta aurretik geure buruak zaintzen baditugu.