San Roke jaietarako kartela aukeratzeko erakusketa zabalik bihar eta etzi

2025ko uztailaren 4aSan Roke jaietarako kartela aukeratzeko erakusketa zabalik bihar eta etzi

Epaimahaiak sailkatutako 3 lanak ikusgai izango dira Turismo bulegoan uztailaren 5ean eta 6an eta debarrek bertan bozkatu ahal izango dute proposamenik gustukoena.

Konturatu garenerako ia San Rokeak ate joka ditugu. Ohiko moduan, abuztuaren 14tik 18ra ospatuko dira aurten ere eta festak iragartzeko kartelak aurkezteko epea amaituta, orain behin betiko kartela aukeratzeko unea iritsi da.

Guztira 10 proposamen jaso ditu Udalak eta horietatik 3 aukeratu ditu epaimahaiak bozkera herrikoirako. Hala, iaz egin bezala, aurten ere debarrak izango dira jaietako irudia aukeratzearen arduradun. Horretarako, aukeratutako 3 lan horiek ikusgai izango dira Turismo Bulegoan, larunbat zein igandean, hau da, uztailaren 5ean eta 6an.  

Debarrek, beraz, erakusketa horretan dauden 3 lanen artean aukeratu beharko dute gustukoen duten proposamena, jaien irudi izan dadin. Horretarako botoa Turismo Bulegoan bertan eman beharko da. Ordutegia honakoa izango da: 

  • Larunbatean: 10:00–14:00 eta 15:00–19:00

  • Igandean: 10:00–14:00

Proposamen irabazlearen berri datozen egunetan emango da. Lehiaketaren irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta saririk jaso ez duten lanak abuztuaren 1etik 5era jaso ahal izango dira, harrera bulegoan.

San Roke jaiak herriko jai kuttunenak dira, debarrek gogoz bizitzen dituztenak, horregatik, udaletik kartel aukeraketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.