Sorbeltzak ezagutzeko tailerra urtarrilaren 5ean Itziarren

2023ko urtarrilaren 2aSorbeltzak ezagutzeko tailerra urtarrilaren 5ean Itziarren

Sorbeltzak enara izenez ezagutzen diren hegazti horietako bat da; enara beltzaz, katakaz, errentxoriz eta beste hamaika izenez ere ezagututa. Hala ere, beste enarak ez bezala, sorbeltzak ez ditugu inoiz argindarren kableetan jarrita ikusiko, ezta lupetzetan lokatza biltzen mokoka ere; izan ere, hegazti hauek ia bere bizitza osoa -umatzeko ez bada- airean pasatzen baitute. Beste enarak baino askoz gorago egiten dute hegan, gainera.

Hegazti migratzaileak dira eta urtero milaka kilometro egiten dituzte Europako umatze tokietatik Saharaz hegoaldeko Afrikatik haratago (7000 kilometro inguru). Udaberriro bueltan datoz eta itzuli hori garaiz prestatzea da tailer honen helburuetako bat. Izan ere, gizakiak egindako eraikinetan ohitu dute eta eraikin horietan gero eta urriagoak dira hegazti hauek habia egiteko behar izaten dituzten zirrikitu eta zuloak (eraikin berrietako teilatuak guztiz itxita izaten dira, eta zaharberritzetan ere zulo horiek ezabatzeko joera dago). Gainera, hegazti intsektujaleak dira, eta ezaguna da mundu osoan intsektuek pairatzen ari diren beherakada. Hirugarren faktore bat, airearen kutsadura da.

Gauza bat eta bestea dela, sorbeltzen biziraupena arrisku larrian dago eta arriskuan dauden espezien katalogoetan daude. Ezer egin ezean, hurrengo urteetan hegazti hauek desagertzeko aukera handituko da.

Hori dela eta, sorbeltzak, eta hauen arazoak ezagutarazteko jarduera bat antolatu dute Itziarko Auzo Udalak eta Geoparkeak elkarlanean. Urtarrilaren 5ean izango da, goizeko 11:00etan, Burugorrin, eta 10 urtetik gorakoentzat izango da (txikienentzat ere bai, baina hauek laguntza beharko dute).

Goizean zehar, ipuin kontaketa baten bidez animali hauen bizimodua eta bizirik irauteko dituen erronkak ezagutuko dira, eta gero haur bakoitzak paperezko 3 dimentsiotako sorbeltza egingo du etxera eramateko. Bukatzeko, hegazti hauek babesteko proiektu baten berri emango da eta hura aurrera eramateko, haurren laguntza eskatuko da.