Uda sasoiaren balorazio ona egin du Debako gobernu taldeak

2020ko irailaren 18aUda sasoiaren balorazio ona egin du Debako gobernu taldeak

COVID-19ak eragindako egoerak uda sasoia ere ez-ohikoa izango zela aurreikus zitekeen. Egoera aldakorrak ahalbidetzen zuen neurrian egin zituen aurreikuspenak eta osatu zuen uda sasoirako plangintza Debako udalak. Uda sasoia ofizialki amaitu berri, egindako aurreikuspenak neurri handian bete dira, beraz, balorazioa positiboa da Gilen Garcia alkateak eta Antxoka Elorza zinegotziak egindako agerraldian azaldu dutenez.

Segurtasuna izan da zutabe nagusia aurreikuspenak egiterakoan. Balorazioa baikorra da herritarrek jarrera ona izan dutelako eta orokorrean emandako jarraibideak bete dituztelako. Eta arlo desberdinetan lanean aritu diren pertsonek aurreikusitako protokoloak jarraitu dituztelako eta euren lana ongi bete dutelako”, esan du alkateak. 

Hondartzari lotuta, Antxoka Elorzak, Obrak, Zerbitzuak eta Ingurumen zinegotziak egindako hondartza dinamikoaren proposamena egokia izan dela esan du. Edukiera gainditzeagatik bi aldiz baino ez da itxi behar izan hondartza. “Eguzkitakoen erabilera ez baimentzeagatik kexa batzuk jaso dira, baina egindako proposamenari eutsi diogu, argi ikusi dugulako horrela bermatzen dela erabiltzaileen egonaldiak laburragoak izatea, jende gehiagori hondartzan egoteko aukera emanez eta espazioa hobeto erabili dela, pertsonen arteko distantziak uztea bermatuz”.

Sorosleek aurten lan handia izan dute Laparin erreskateak egiten, itsasoa bizi egon delako eta sortu zen zurrunbilo bat dela medio. 

Uneko uraren kalitate ezagatik abuztuan bi egunez debekatu zen Santiagoko eta Lapariko hondartzetan bainua. 

Hondartzako komunen garbiketa maiztasuna handitu egin da eta jendearen jarrerari esker, garbi mantentzea lortu da. 

Turismoari dagokionez, turismo bulegoan jasotako datuen arabera bisitari kopurua jaitsi da aurten. Esaterako, aurtengo uztailean, 1.622 bisitari zenbatu dira turismo bulegoan. Hilabete berean 2019an, 4.441 eta 2018an 4954. Abuztuan, berriz, aurten 1.734, 2019an 6.947 eta 2018an 7.042. %78,8 jaitsi da kopurua. Eutsi egin zaie eskualdeko turismorako proposamenei eta Geoparkekoei.

Herri eta auzoetako festak bertan behera geratu dira uda honetan, Deban ere bai. Hala ere, kulturaren aldeko apustua egin eta sektorea bultzatzeko asmoz hainbat ekitaldi antolatu dira, egoerak eskatutako irizpideak betez. Guztiak arazo esanguratsurik gabe burutu dira. 

Segurtasunari lotuta udaltzaingoak uda hasi aurretik hainbat arazo sor zitekeela aurreikusi zuen, uda amaituta, esan daiteke aurreikusi baino hobe igaro dela sasoia. Pertsona bakan batzuk pertsonen arteko segurtasun tartea utzi gabe bildu dira gauren batean festa egiteko asmoz. Gutxi izan dira eta ez da arazo esanguratsurik sortu. Gauza bera gertatu zen San Rokeetan ere. 

Ohiko udalekuak egiteko baldintza egokirik ez zegoenez, behar handiena duten haur eta gazteei zuzendutako hezkuntza-zaintza sarea antolatu zen hezkuntzako eta gazteriako eragileekin elkarlanean. 37 ikasle egon dira eta 15 boluntario. Balorazio ona egin da.

BALORAZIOAREN TXOSTENA