Udako erakusketa artistikoaren XII. edizioa estreinatuko da larunbatean

2016ko ekainaren 28aUdako erakusketa artistikoaren XII. edizioa estreinatuko da larunbatean

Larunbat honetan, uztailaren 2an, udako erakusketa artistikoaren XII. edizioari emango diogu hasiera. Aurtengo protagonista Willy Berasaluce da eta “Hutsuneak” izenburupean bere azken lanak aurkeztuko dizkigu Santa Maria Elizako Klaustroan.

Azken urtetan bezalaxe, aurten ere Santa Maria Elizako Klaustroan artea izango da nagusi uztaileko eta abuztuko hilabeteetan zehar. 2016 honetan udako erakusketa artistikoaren XII. edizioa ospatuko dugu jada eta Willy Berasaluceren eskutik “Hutsuneak”  izeneko erakusketa izango dugu ikusgai oraingoan.

Erakusketa honetarako Debako Udalak argitaratu duen katalogoan Pedro Bengoetxea alkateak azaldu bezala, “kastaz du erbiak lotsor izana, eta halaxe da kasu honetan ere. Willy Berasaluzek bere geneetan baitakar Debako Berasaluzetar belaunaldi askoren herentzia artistikoa. Badute zerbait ez geratzeko, mugimendu sortzaile etengabean egon beharra izateko … Horrelakoxea da ezagutzen dugun Willy, beti mugimenduan, trebetasun berarekin erabiltzen baititu pintzela eta zintzela, gubia edo soldagailua, laserra edo beharrezkoa dena. Edozerk balio dio gainezka duen sormenari forma emateko”.

“Hutsuneak” izeneko erakusketa aurkeztuko digu uda honetan Elizako Klaustroan. Izan ere, sortzen den espazio orok bete ezin den hutsunea sortzen du eta hori da Willy Berasalucek erakusketa honetarako proposatzen diguna. Mikel Camporen hitzetan, “hutsunea norberak bere barren-barrenean sentitzen duelarik, collage horietan bateratzeko joera antzematen da bere lanetan: formalki, masa, kolore eta konposizio desberdinetako lanak dira, baina guztiek artistak proposatzen digun lekura garamatza; hau da, gure bizitzetan gertatzen den hutsuneaz, gertatzen diren hutsune ugariez hausnartzera; azken batean, ondo dioen moduan, hutsuneak bete ezinak baitira”.

Erabilitako teknika, itxura batean, sinplea da: paper itsatsiak, desitsatsiak, urratuak, bere sormenaren bidea erakusten duen collage-a. Obra gauzatzeko, eraiki eta suntsitu egiten du, urratu eta itsatsi, berriro konpondu eta esanahi berria ematen dio. Kentzen edo gehitzen duen geruza bakoitzeko esanahi berri bat, interpretazio berri bat agertzen da inplizituki, gure memoriarekin gertatzen den bezalaxe! Gure bizitzako collage-a da, itxura batean soila, itxura batean erraza, artistaren teknika bezalakoa. Itxura batean.

“Willyk aurkezten digun erakusketa, azken batean, geure biografian zehar ditugun sentimenduen balantze bat baino ez da. Artistaren zeregina bere obraren bidez guri sentiaraztea da”, Mikel Campok katalogoan azaldu digunaren arabera.

Ez dezagun sekretu guztia kontatu, norberak goza dezala erakusketaz eta senti dezala artelanek helarazten diena.

Erakusketa

Udako erakusketa artistikoaren XII. edizio hau larunbat honetan, uztailaren 2an, estreinatuko da eta irailaren 5era arte egongo dira lanak ikusgai Santa Maria Elizako klaustroan.

Ordutegiari dagokionez, asteartetik larunbatera bitartean arratsaldeko 5etatik 7etara irekiko dituzte erakusketaren ateak. Igandetan, berriz, 5etatik 8etara izango dugu Willyren lanak ikusteko aukera.