Udako erakusketa artistikoaren XV. edizioa larunbatean estreinatuko da

2019ko uztailaren 4aUdako erakusketa artistikoaren XV. edizioa larunbatean estreinatuko da

"Magalean" izenburupean, Iratxe Hdez. Simalen lanak izango ditugu ikusgai uztailean eta abuztuan zehar. Debako erakusketa artistikoaren XV. edizioaren inaugurazio ekitaldia larunbatean izango da, 12:30ean, Santa Maria elizako klaustroan.

Erakusketaren kokalekua, eta horrekiko lotura da estilo, forma, teknika eta sorkuntza ezberdinak batzen dituen ezaugarri nagusia. Espazio berezia baita gure elizako klaustroa. 

Magalean izenburupean, aurten Iratxe Hdez. Simalen lanak izango ditugu ikusgai uztaila eta abuztuan zehar. Bilbotarra da sortzez, baina Deba umetatik ezagutzeaz gain herriarekin lotura estua duen pertsona da. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Arte Ederretako fakultateko Eskultura sailean, hala ere diziplina ezberdinen arteko lotura eta harremana azpimarratzearen aldekoa da. Horixe da egin nahi digun ekarpena: espazioa ardatz, diziplinak uztartuz ekintza eta mugimendua adieraztea.

Datorren larunbatean, uztailaren 6an, estreinatuko da udako XV. arte-erakusketa. Inaugurazio ekitaldia Santa Maria elizako klaustroan bertan egingo da, eguerdiko 12:30ean.

Ordutegiari dagokionez (uztailean), asteartetik larunbatera bitartean, arratsaldeko 5etatik 7etara egongo da zabalik erakusketa. Igandetan, berriz, 5etatik 8etara izango dugu Iratxeren lanak ikusteko aukera.

Magalean erakusketa

"Debako Santa Maria elizaren kalostran sartzean giro majiko batean barneratzen naizela iruditu zait betidanik. Presaren menpe bizi garen garai zoro hauetan norberaren baitan biltzeko aukera eskaintzen duen leku urri horietako bat dugu. Bertan denbora moteldu egiten dela", dio Hdez. Simalek. "Espazioan eta ekintzan oinarritzen den praktika artistikoa da nirea, performatibitaterako joera duena. Horregatik, erakusketa ideatzerakoan, kalostraren antolakuntza espazialetik abiatu naiz berezkoa duen giroa goratzeko asmoz. Leku kuttun honek zentzumenak fintzeko beta hartzera gonbidatzen zaitu; horregatik, hain zuzen, nire artelanak zurrumurruaren tankera baino ez izatea eskatzen zidan", gaineratu du artistak.

Erakusketak zentroan aurkitzen du ardatza, artelan nagusia kokatuta dagoen gunean: bertan, gure kostaldeko berrogeita hamar bat uhinarri kokatu dira zirkunferentzia bat osatuz. Baratzazarretik aldi baterako hartuta, instalazio iragankor hau zabaltzea eta aste batzuetan Deban ipintzea lortu du Iratxek, berriz bertara itzuli aurretik.

Erdigune honen inguruan, arkupedun galeria batek inguratzen du patioa. Pasabide honen barruko hormetan marrazkiak ikusiko ditugu, irudien ikerkuntza prozesu baten emaitzak direnak: marrazkiok, hain zuzen, harriei forma ematen dien itsasoaren mugimendu etengabe eta nahigabekoa gogorarazten dute.

Marrazkietatik pasiatze erne horretan kalostraren lau ertzetako batera helduko gara. Hemen bai luzatu dezakegula gure begirada, ertz bakoitzeko formatu handiko irudien artean elkarketa bisualak eginez.