Udal Plenoak Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena onartu du

2018ko urriaren 2aUdal Plenoak Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena onartu du

Pasa den osteguneko osoko bilkuran Gipuzkoako udal guztietan aurkezten ari diren adierazpen bateratua onartu zuten, euskararen erabilera indartzeko udazken honetan egingo den "Euskaraldia" izeneko egitasmoa babesteko.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskaraldia, Euskal Herri osoan euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoa. Udalak beste urrats bat eman du ekimena babestu eta indarzteko; pasa den osteguneko udalbatzarrean onartu baitzuten Gipuzkoako udal guztietan aurkezten ari diren Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena

Horrekin, honako konpromisoak hartu ditu Debako Udalak Euskaraldia bultzatzeko:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan, eta bereziki udal barrura begira, ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorrdetzak eta Topaguneak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dute Euskaraldia ekimena. Debako udalerria ere buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Bi subjektu-mota bereizi dira: ahobizi eta belarriprest.

Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahi eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Bakoitzak aukeratuko du zer rol hartzen duen, eta 11 egun horietan txapa bat soinean duela adieraziko du Ahobizi edo Belarriprest den. Txapa eskuratzeko, hau da, ekimenean parte hartzeko, izena eman beharko da. Horretarako, bi aukera izango ditugu: bata, on line (www.euskaraldia.eus); eta bestea, izen-emate orria bete eta udaletxeko harreran, turismo bulegoan, udal liburutegian edo asteburuetan jarriko diren informazio mahaietan entregatzea.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.