Udalak debarren bizi-kalitatea hobetuko duen gobernu plana egingo duela iragarri du

2019ko irailaren 13aUdalak debarren bizi-kalitatea hobetuko duen gobernu plana egingo duela iragarri du

Datozen lau urteotarako gobernu planaren inguruko lehen aurkezpena egin du Debako udalak. Gilen Garcia Boyra alkatearekin batera, Itziar Irizar Beristainek eta Nerea Arrizabalaga Badiola zinegotziek eman dituzte azalpenak agerraldian. Eragile eta udal langileen ekarpenekin osatutako plana, udazkenean egingo den ekitaldian aurkeztuko zaie debarrei. Deba berri baterako oinarriak jarriko ditu.

“Hauteskundeetara herri programa zehatz batekin aurkeztu ginen eta herritarren konfiantza eskuratu genuen Deba gobernatzeko. Orain, hori abiapuntu hartuta, datozen lau urteotarako neurri zehatzak jasoko dituen plana osatzen ari gara. Gobernuaren lanerako oinarri izango dena”, esan du Gilen Garcia alkateak.

Udala osatu zenetik lanean aritu da Gobernua. Itziar Irizarrek, azaldu duenez, “lanean ari gara, bereziki udalaren egoera aztertzen eta gure herriak dituen premiazko arazoei soluzioak ematen”. Hutsune handiak antzeman dituztela azaldu du Irizarrek, “lan asko dago egiteko, hutsune nabarmenak eta konpontzeko gauza asko, horretan ari gara”. Adibide batzuk ere eman ditu aurkitutako egoera marrazten dutenak, besteak beste, hitzarmen asko, data gaindituta, berritu gabe daude.

Nola gobernatu nahi duen taldeak ere azaldu du Irizarrek. Esan du, “egunerokotasuna ahaztu gabe, Udal gobernu honek debarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko duen gobernu plan batekin gobernatuko du lau urtez”.

Gobernu plan hau herri programan jasotako neurriekin, eta eragileek eta udal langileek egindako ekarpenekin osatzen ari dira. “Programa osatzeko, erronda egin genuen eragileekin eta orain ere ekarpenak jasoko ditugu haien aldetik, zein langileengandik. Badugu nahikoa corpusa, hortaz”, esan du Nerea Arrizabalagak.

Zein izaera izango duen ere azaldu du Arrizabalagak. Herritar guztiak hartuko ditu kontuan, erdigunekoak zein auzoetakoak, haur, gazteak eta helduak, gizonezko zein emakumezko, bertako zein egoera larriagatik guregana hurbildutakoak. “Alor guztiak zainduko ditu, ingurumena zein kale garbiketa, euskara nola turismoa, herriko merkataritza eta aparkatzeko gaia…”.

Udazkenean aurkeztuko da gobernu plana ekitaldi publiko batean, herritar eta eragileen aurrean.

“Gobernu plan honetan, Deba berri baten oinarriak jasoko dira, XXI. mendeko Debarena. Oinarri hauek ahalbidetuko dute herri demokratikoagoa, justuagoa, orekatuagoa, garbiagoa, euskaldunagoa, feministagoa, inklusiboagoa... Hau da, Deba hobeago batean bizitzea ahalbidetuko duten neurriak izango dira”, esan du Gilen Garcia alkateak.

Amaitzeko, helburuen inguruan ere hitz egin du. “Helburu garbi bat dugu buruan, proposamen hau lantzen ari garen unean: debarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea, debarrak erdigunean jarrita. Jakitun gara lan asko dagoela egiteko, baina gobernu talde prestua eta prestatua dugu, eta baita gaitasuna duen udal langile taldea ere”.