Udalak hilerri berriaren proiektua aurkeztuko du jendaurrean

2017/07/17
Datorren asteazkenerako, uztailaren 19rako, erakusketa publikoa prestatu du Debako Udalak, Artzabalgo hilerri berriaren proiektua jendaurrean aurkezteko asmoz. Ekitaldia arratsaldeko 7etan izango da Udaletxeko Pleno Aretoan.

Hilerriarentzat kokapen berria bilatzeko beharraz asko hitz egin da aspaldi honetan eta denborak aurrera egin duen heinean hainbat aldaketa egon dira gai honen inguruan (kokagunea, tamaina ...)

Amillagako garapen urbanistikoa dela eta, ezinezkoa da kanposantuaren egungo kokalekua mantentzea. Horregatik, Udalak oraingo beharretara egokitzen den proiektu bat prestatu behar izan du, hobiratzeei eta hilerriak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez.

1993. urtean Debako kanposantuari kokaleku berria bilatzeko azterketa egin zuten eta aurkezpen honetan hilerriak ordutik hona ekarri dituen arazoen eboluzioa aztertuko da. Horren ondoren, proiektu berria udal-plangintzan nola sartu den, egungo kokapenaren arrazoiak zeintzuk diren, honek izan duen bilakaera eta azken 15 urteetan izandako aldaketak azalduko dituzte; aurkezpena proposamen berri honen azalpenekin bukatuz.

Proposamen berri honek hilerriko hobiratzeak egungo egoera eta beharretara egokitzea bilatzen du, bai eta eskaintzen dituen zerbitzuak oraingo beharretara egokitzea (horma-hilobiak, kolunbarioak ...) edota agur edo oroimen esparruak sortzea ere. Jendaurreko ekitaldi honen helburua herritarrek dituzten iritziak, alternatibak eta iradokizunak ezagutzea da. Hori dela eta, Debako Udalak herritarren ekarpenak jaso eta aztertu nahi ditu.