Udalbatzak osoko bilkuran landutako gai guztiak onartu ditu

2020ko azaroaren 6aUdalbatzak osoko bilkuran landutako gai guztiak onartu ditu

Azaroaren 5ean egin du Debako udalbatzak ez-ohiko osoko bilkura. Aztertutako gai guztiak onartu dira. Tartean, Amillagako PERIaren aldaketaren hasierako onarpena, aho batez eta ondorioz, aurretik zegoen proposamenarekin baino eragina txikiagoa izango dute eraikuntzek. Azaroaren 25ari begira adierazpen instituzionala egin da. Eta Martin Villa pertsona “non grata” izendatu da.

Amillagan hainbat etxebizitza eraikitzeko egina zegoen proiektuak, herrian eragingo lukeen eragin bisualarekin kezka zegoen. Horren ondorioz, eremu horren, A.U.06 PERIa aldatzea proposatu da. Aldaketaren hasierako onarpenak aurrera egin du udalbatza osatzen duten hiru alderdien aldeko botoekin, aho batez, beraz. Udalbatzara eramandako proposamenak jada bazuen hiru alderdien aldekotasuna. 

Hasieran egindako proposamenaren eragin bisual kaltegarria murriztearen alde egin du udalbatza osoak eta azken asteotan elkarrekin egindako lanari esker adostu dute antolaketa berria. Honela bada, bost etxebizitza bloke eraikiko dira, eta bakoitzak behe solairua, lau solairu eta atikoa izango ditu.

Aho batez onartu da azaroaren 25ari begirako adierazpen instituzionala eta ondorioz, Azaroaren 25a 'Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna' dela-eta, Debako udalak, bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak, indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura”.

Konpromiso batzuk ere hartu ditu. Besteak beste, “Debako Udalak Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du” eta “Debako udal honek ez du murrizketarik egingo 2021eko Berdintasun batzordeko aurrekontuetan eta beharrezkoak diren partidak handituko ditu”. Mugimendu feministak egunaren bueltan antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko deia ere egin du. 

Azaroaren 25ari begira herrian antolatuko diren ekimenen berri datorren astean emango da. 

Rodolfo Martin Villa 60 eta 70eko hamarkadetan “politika eta errepresio frankistaren egile nagusietako bat” izan zela aldarrikatuz, Deban pertsona “non grata” izendatu dute. Mozioa aldeko 10 botoekin (EH Bilduren 6, EAJ-PNVren 3 eta Debarren Ahotsaren 1) eta 3 abstentzioekin (Debarren Ahotsako 3) onartu zen. 

Aipatu mozioan, halaber, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko, alegia, Maria de Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskariari zegokiona”. Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertzen zaio. Eta hartutako erabakia Justizia Ministerio espainiarrari, Auzitegi Nazionalaren buruari, Auzitegi Gorenaren buruari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari jakinaraztea onartu da. 

 

Azaroaren 25erako Adierazpen Instituzionala

Martin Villa pertsona "non grata" izendatzeko mozioa